Hurrengo agintaldirako alkateak aukeratu dituzte Baztango hamabi herritan

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 19a, 11:00

Ixabel Alemanek Amaiurko alkatetza karguan segituko du 2023/24ko agintaldian. Argazkia: Ondikol.

Erratzuko, Iruritako eta Lekarozko batzarretan ez da hautagairik aurkeztu

Baztango kargu-berritze prozesua asteburu honetan abiatu da, 2023 eta 2024ko agintaldirako alkateen aukeraketarekin. Asteburuan batzarrak egin dituzte herri guztietan, eta hamabitan alkateak aukeratu dituzte.

Bederatzi herritan aurtengo alkateek agintaldiarekin segituko dute: Almandozen Pello Sarrateak, Amaiurren Ixabel Alemanek, Arizkunen Imanol Etxeberriak, Berroetan Carlos Garaikoetxeak, Elbeten Imanol Juanikotenak, Elizondon Aitor Bazterrikak, Gartzainen Fernando 'Dani' Arraztoak, Oronoz-Mugairin Jorge Oteizak eta Zigan Joxean Etxeberriak. Aipatzekoa da Garaikoetxeak laugarren agintaldia izanen duela Berroetako alkatetzan eta Arraztoak borzgarrena Gartzainen.

Hiru herritan alkate berriak aurkeztu dituzte: Anizen Iñaki Zelaietak ordezkatuko du Kristina Fernandez, Arraiozen Aritz Alunda izanen da alkatea Joxelu Retegiren ordez eta Azpilkuetan Juan Andres Azkarragak hartuko du Aitor Iturralderen lekua.

Gainerako hiru herrietan, Erratzun, Iruritan eta Lekarozen, ez da hautagairik aurkeztu eta gaur egungo alkateek, Kaiet Itoitzek, Pello Iriartek eta Ernesto Pratek, kargua uzteko borondatea erakutsi dute. Horregatik eta ordenantzak agindutakoaren arabera, urtarrileko lehenbiziko igandean batzarra egin beharko dute berriz ere, hautagairik aurkeztuko den ikusteko.

Imanol Juanikotenak alkatetzarekin segituko du Elbeten eta Aitor Bazterrikak Elizondon. Argazkiak: Ondikol.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun