Elizondoko Lanbide Eskolako 16 ikaslek Giltza programan parte hartu dute

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 15a, 15:00

Inguruko etxebizitza, turismo eta merkataritzari buruzko proiektuak garatu dituzte

Nafar Lansarek eta Hezkuntzak gazteei zuzendutako Giltza aktibazio programa martxan jarri du, Fundacion Emplearen dinamizaziopean. Elizondoko Lanbide Eskolako goi mailako administrazio eta finantzako 16 ikaslek parte hartu dute proiektuan, «gazteen aktibazio eta enplegagarritasuna hobetzeko helburuarekin, talde lana, komunikazioa, lidergoa, kreatibitatea, estrategia etab. garatuz».

Ikasleriak, ekintzailetzako metodologia aktiboen bitartez, Baztango inguruneari egokitutako erronkak garatu ditu, etxebizitza, turismoa zein toki merkataritza bezalako gaietan oinarrituz. Zehazki, hiru proiektutan aritu dira lanean; «lehenbizikoa herrietako etxebizitzaren eskaria eta eskaintza ezagutzera eman eta eskualdeko alokairua nahiz erosketa bultzatzeko, bigarrena tokiko bidexkak mantentzeko eta hobetzeko auzolana sustatzearen alde eta hirugarrena prestakuntza amaitzen ari diren gazteen eta bere konpetentzia digitala hobetzeko babesa behar duten saltokien artean, belaunaldien erreleboaren erronkari erantzuna emanez».

Bortz eguneko programa izan da, eta partaideek Elizondora irteera bat egin dute tokiko saltokiak bisitatuz. Gainera, eremuko agente erreferenteen kolaborazioa izan zuten, errate baterako, Nasuvinsa, Baztango Udala, Denok Bat saltoki elkartea eta turismoaren arloan lan egiten duen Orbela Aterpearena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun