Baztango kargu-berritze prozesua asteburu honetan abiatuko da, alkatetzarako hautagaien aurkezpenekin. Ordenantzen arabera, herrietako alkateak bi urtetik behin aukeratu behar dira, eta horretarako herri batzarrea egin behar dute abenduko hirugarren igandean. Hala ere, herri batzuetan batzarreak ortzirale edo larunbatean egitea erabaki dute. Hauek izanen dira asteburuan eginen diren bilkurak:
- Almandozen igandean 13:00etan.
- Amaiurren igandean 11:00etan.
- Anizen larunbatean 19:00etan.
- Arizkunen larunbatean 13:00etan.
- Arraiozen ortziralean 19:30ean.
- Azpilkuetan larunbatean 21:30ean.
- Berroetan ortziralean 18:30ean.
- Elbeten igandean 12:00etan.
- Elizondon igandean 12:00etan.
- Erratzun larunbatean 19:00etan.
- Gartzainen igandean 12:00etan.
- Iruritan igandean 12:00etan.
- Lekarozen igandean 12:00etan.
- Oronoz-Mugairin igandean 12:00etan.
- Zigan igandean 11:00etan.
Batzarretan hautagai bat baino gehiago aurkeztuko balira, hurrengo igandean, Eguberri egunean, eginen lirateke bozketak. Honez gain, asteburuan kuartel bakoitzeko mendi komisionatuak eta junteroak ere aukeratuko dituzte. Alkateak aukeratzen dituzten herrietan, Errege egunean eginen dute kargudun berrien izendapena eta urteko kontuen aurkezpena.