Solaslagun egitasmoa talde baterako bidelagun bila ari da Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 13a, 20:00

Xabi Iriarte koordinatzaileak azaldu duenez, bidelaguna taldearen dinamizatzailea da, euskara ongi menperatzen duena eta gainontzeko taldekideak gidatzen dituena

Euskaraz komunikatzeko gutieneko maila dutenek hizkuntza praktikatzeko tarte bat izatea da Solaslagun egitasmoaren helburua, Euskaltzaleen Topaguneak sustatuta. Elizondoko taldeetako bat bidelagun bila ari da, hau da, taldea dinamizatu eta gidatuko duen euskaldun baten bila. Asteazkenetan 17:30ean elkartzen da taldea. Interesa dutenek Xabi Iriarte koordinatzailearekin jar daitezke harremanetan 610 92 06 73 zenbakira deituz edo solaslaguna@topagunea.eus helbidera idatziz.

Mintza Tonbola

Honez gain, Mintza Tonbola antolatu zuten Elizondoko, Doneztebeko eta Lesakako ferietan, eskualdeko jendea Solaslagun egitasmora hurbiltzeko irri eta josteta giroan. Antolatzaileek adierazi dutenez, «euskara praktikatzea eta gozatzea eskutik doazela erakutsi nahi genien hurbildu zirenei, mintzapraktikara animatuz. Eskerrak eman nahi dizuegu hurbildu zineten guztiei interesa erakusteagatik eta egitasmoa azaltzeko aukera eman izateagatik. Hemendik aitzinera Solaslagun egitasmoa indartu eta ekitaldiak antolatzen segitzeko helburua dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun