Aurtengo Asteburu Kulturala ortziralean hasi zen haurren arteko herri kirolekin. Anizko haurrez gain, Zigakoak ere bertaratu ziren herri kiroletan aritzera. Haurrak jostetan aritu bitartean, helduak hotzak bazkatzen egon ziren frontoian, merendu afariaren tenorea ailegatu zen artio. Orduan denak su bazterrerat bildu baitziren berokirat.
Larunbatean hotzari aurre eginez Aizkoko itzulia egin zuten falta ziren paraje izenak paratzeko; Aizkoa eta Urdenbide. Bi izen hauekin hamaika dira hondarreko urteetako Asteburu Kulturaletan paratu diren paraje izenak: Lurgorri, Estrakazar, Trinitate, Lutran, Berro, Olazar, Azkarate, Marmitz, Istillegi.
Bazkalondoan, Kanakoneko Pello Ziaren solasaldi interesgarria aditzeko aukera izan zuten bertaratu ziren herritar guztiek. Pello hamaika urte zituelarik atera zen Aniztik Arantzazurat. Pobreen alde egiteko komentutik atera beharra zegoela iritzirik, Bilbon apez langile gisa lanean hasi zen, atxilotu egin zuten artio. Torturak jasan ondotik, Basaurirat eraman zuten preso, eta handik Carabanchelgo kartzelarat. Kartzelatik aterata, bertan ikasitakoa (kartzela unibertsitatea baita Pelloren hitzetan) kanpoan praktikan paratzeko beharra ikusi zuen. Langile mugimenduan buru belarri hasi zen, eta ETAko langileen frontean sartu zen.
Bere gibeletik segika zituela jakin zuelarik, altxatua egon zen hainbat komentutan: Araban Estibalizen, Nafarroan Leiren... Batetik bertzera ibili ondotik, Anizerat etorri zen eta hemendik mendiz ipar Euskal Herrirat pasatzen lagundu zuten. 1976. urtean berriz itzuli zen hego Euskal Herrirat, berriz ere atxilotu egin zuten artio. Garai horretako egunkarietako idazkiak leitu zituen bere atxiloketa hauen guztien berri nola eman zuten ikusteko.
Egunkarietako idazkiez gain, LAB sindikatua sortu zeneko lehenbiziko liburuxka ere erakutsi zien bertaratu zirenei, bertzeren artean, sindikatu honen sorrerako kideetako bat ere izan baitzen Pello. Atxiloketa eta atxiloketa artean, lanean segitu zuen apez langile gisa, hango eta hemengo jendeei laguntzen, langile antolakuntzan, kultura arlokoekin elkarlanean. 1987.urtean utzi zuen apaizgoa.
Bere bizitzaren ibileren berri aditzen gustura egon ziren aniztarrak, gustura eta harrituta, solasaldian zeuden bere adinaren bueltako aniztarrek ez baitzuten aipatu zituen kontu horien guztien berri.
Solasaldi interesgarri honen ondotik, Anizen urtean barna izaten diren ekitaldien argazki emanaldia izan zen: Urtetxak, Orakunde, Asteburu Kulturala, Gau Beltza... hainbat edariren dastaketaren ondotik, asteburuari akabaila emateko Kantu Zaharren afaria izan zen Joxe Anjel akordeoilariarekin. Giro ezin goxoagoan, kantuz eman zitzaion akabaila 2022ko Anizko Asteburu Kulturalari.