'Amaiur bat urtero' liburua aurkeztu du Jon Alonsok Amaiurren

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 5a, 11:00

Abenduren 2an aurkeztu zuten Amaiurren Jon Alonsoren liburu berria, Amaiur bat urtero, Amaiurko Gaztelu elkartea eta (H)ilbeltza ekimena elkarlanean publikatu dutena

Testua eta argazkia: (H)ilbeltza

Isabel Aleman alkateak hasi zuen aurkezpena, urte osoan egin den lanaren aipamena eginez. «Historia liburuei bakarrik tokia eman beharrean, gizarte guziarendako zerbait sortu nahi izan dugu: haurrei eta helduei, irakurzaleei eta ez hain irakurzaleei interesa piztuko dien lana». Horrela argitaratu dute ipuin bat, komikia, akuarelen liburua, poesia liburu bat eta orain nobela beltz bat, Baztanen egiten den (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren asteko antolatzaileekin batean. «Beti nahi izan dugu Baztango eragileekin lan egin eta (H)ilbeltzak literaturarekin lan handia egiten duenez, beraiekin zerbait egitea proposatu genien, nahiz eta fikzioa izan, balio duena gure historia kontatzeko»

(H)ilbeltza ekimenaren izenean Elurre Iriarte solastatu zen eta Jon Alonsoren lan oparoaren errepasoa egin zuen. 1995ean argitaratutako Katebegi galdua nobelatik hasita, Naparra kasu irekia saiakeraraino hamahiru liburu idatzi ditu idazle iruindarrak. Amaiur bat urtero hau litzateke hamalaugarrena. Tartean Saramago, Cortazar eta Levi Strauss idazleen itzulpenak egin ditu ere bai.

Liburuaren mamian sobera sartu gabe, pertsonaiak zein argi definitzen diren eta trama zein ongi garatzen den azaldu zuen, argi utziz zer belztasuna erakutsi nahi izan duen eta zer salatu nahi izan duen. Joseba Larratxe “Joseviski”k egindako azalaren aipamenarekin akitu zuen (H)ilbeltzako kideak: «Josviskyk azalean pertsonaiak irudikatu ditu, baina barnean ageri diren irudiekin liburua edertu eta osatu du».

Jon Alonso izan zen azkena hitza hartzen eta liburuaren nondik norakoak agertu zituen. Hasteko, proposamenak bazituen zehaztapen batzuk eta horiek aukera eman diote lana modu batez egiteko. Gaur egun kokatua egotea eskatu zioten eta hala, Amaiurko setioari buruzko filma bat grabatzen ari den zinema ekipo bateko partaideak dira nobelako protagonistak. Hilketa bat gertatzen da eta horren berri ematen dute pertsonaia desberdinek, bakoitzak bere ikuspuntutik. Zinema mundua agertzen da, bere gorabeherekin eta bakoitzak duela 500 urteko gertaerei buruz duen ikuspuntua. Azken pertsonaia polizia da, eta horrek modu berezi batean argitzen du hilketa.

Argi utzi zuen zaila dela duela 500 urteko setioaren motibazioa zein zen jakitea: nolakoak izan ziren eta nola pentsatzen zuten, zeri ziren leialak, zer pentsatzen zuten eta abar. «Nahiz eta hauek ez jakin, gertaera objektiboak izan ziren inbasioa, gazteluaren jabetza eta erresuma desagerraraztea. Hori gogorarazten laguntzen duten gauza guziak (nobelak, saiakerak, ipuinak, komikiak, poemak, indusketak) inportanteak dira eta behar ditugu».

Aurkezpena akitu ondotik hitza hartu zuten publikotik eta solasaldia luzatu zen sormenari buruz, literaturari buruz eta bertze zenbait kontuei buruz solastatzen.

Jon Alonso idazlea Amaiurren liburuarekin. Argazkia: Josu Inziarte.

Sinopsia

Film handi bat egiten ari dira Baztanen. Amodiozko istorio gartsu bat da, orain dela 500 urte setiatua izandako Amaiurko gazteluan, Nafarroako erresuma menderatzeko gerran. Maitaleen desira eta ustekabeko heriotz bat dira Jon Alonsoren nobela berri hau azkartzen dutenak. Zinema giroaren xarma beti erakargarria gertatzen da kontakizun literarioan: fikzioaren ondoko errealitatea intrigaz pizten da, aktorean bi bider bihurtzen dira protagonistak, arazo bitxiez konplikatzen da produkzioa.

Interesa dutenenako, (H)ilbeltza ekimenak liburuaren zati bat irakurgai paratu du bere webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun