Lanez gainezka harrapatu dugu Mattin Aiestaran de la Sotilla iruritarra, doktore tesiarekin buru-belarri eta azken asteotan baita kazetarien deiei erantzunez ere. Bera baita Irulegiko aztarnategiko zuzendaria, baskoieraz orain arte agertu den idatzirik zaharrena duen Irulegiko eskua aurkitu duen lantaldearen gidaria. Antzinako euskarari buruzko aurkikuntza garrantzitsutzat jo dute adituek. Kristo aitzineko I. mendeko idatziak lau lerro ditu, eta lehenbiziko hitza sorioneku gisa transkribatu dute, hau da, zorioneko. 370 m2ko azalera induskatu eta 70 bat m2ko bi etxebizitza eta lau metroko zabalerako bidearen zati bat bistarazi dituzte eta hor aurkitu dute eskua. Etxe baten sarrerako atean zintzilikatzeko «objektu errituala» dela ondorioztatu dute, «etxea babesteko» erabilia.
Horretaz aritu da Aiestaran TTIPI-TTAPArekin. «Ttiki-ttikitatik» erakarri omen dute «iraganak eta historiak» eta «suerteko» sentitzen da «zaletasuna ofizio» bihurtu baitu. Irakasle ikasketak egin zituen lehenbizi, eta Historiako gradua gero. Segidan «arkeologiako eta geologiako masterra egin nuen» eta egun, doktore tesiarekin ari da Irulegiko indusketetan. Ez da hasi berria Irulegi mendiko lanetan. Karrera bukatuta hurbildu zen lehenbizikoz, 2016an; hasmentan, boluntario, 2017an zuzendarikide eta 2018tik bera da zuzendaria.
Irulegiko eskua ez da atzo hasitako lanaren emaitza izan. 2007tik ari zarete Irulegi mendian lanean...
Bai, ni orduan ikasten ari nintzen, baina 2007an, Arangurengo Udalak deituta, Aranzadiko bertze zuzendari eta arkeologo talde bat Irulegi mendiko Erdi Aroko gazteluan induskatzen hasi zen. Herritarrek bazuten mendi horren gailurrean gaztelu bat egon zitekeenaren susmoa. 2006an garbiketa lanetan aritu zirenean ohartu ziren han zegoena ez zela txabola ttiki bat eta Aranzadi Zientzia Elkartera jo zuten. 2007tik 2017ra gaztelua induskatzen ibili ginen eta 2018an gaztelu horren beheitiko aldean dagoen Burdin Aroko herrixkan hasi ginen. Zenbat material biltzen ari ginen ikusita, arkeologo bat lanaldi osoan aritzea beharrezkoa ikusi genuen eta horretan ari naiz azken urteotan.
Zein aurkikuntza egin dituzue?
Aztarnategia bera ikaragarria da. Ez genuen uste horrelako emaitzarik izanen genuenik, arras ezohikoak baitira eskua bezalako aurkikuntzak. Hasmentatik sekulako potentzialtasuna duen lekua dela ikusi genuen. Arkeologook, normalki, ziurtasun dezenterekin solas egiten dugu iraganeko afera materialez, hau da, beraien artisautza nolakoa zen, zeramikak nola egiten zituzten, nola kozinatzen zuten, zein animalia jaten zuten, zein arkitektura mota zuten, janaria nola prozesatzen zuten... Afera materialak dira. Materiala ez denaz solastatzeko, ordea, zailtasun gehiago izaten ditugu, ez baitugu izaten Irulegiko eskua bezalako elementurik. Irulegiko eskua beraien hizkuntzaz eta sinesmenaz ari zaigu.
2021eko ekainaren 18an aurkitu zenuten eskua. Nolako eguna izan zen?
Bertze egun guztiak bezalakoa, lanegun arrunt bat. Irulegin zeramikak, hezurrak, arkitekturaren aztarnak... agertu zaizkigu, baina baita metalak ere. Kontuan izan behar dugu burdina erabiltzen zutela eta eraikinak iltzeak erabiliz egiten zituztela. Beraz, metala ez zen urrutiko zerbait beraiendako. Brontzezko zenbait zati ere agertu izan zaizkigu. Eta eskua agertu zenean ez ginen guztiz harritu, batez ere, momentu hartan ez baikenuen deus idatzia zuenik ikusi. Protokoloarekin segituz, pieza atera bezala, bere lur eta guzti, plastikozko poltsa hermetiko batean sartu genuen, 2.000 urtez pieza horrek izan duen egoera ahalik eta gutien aldatzeko, hezetasuna, tenperatura... Lurpean fresko-fresko eta hezetasun konstantean egon den pieza bat, kasu honetan brontzezkoa, eguzkitara atera izan bagenu, hondatu eginen litzateke. Hori saihesteko poltsa batean sartzen ditugu, garbitu gabe, eta Nafarroako Gobernuko zaharberritze egoitzara bidaltzen ditugu, Cordovillan dagoen Nafarroako Gobernuko biltegi arkeologikora. Momentu horietan argazkien bitartez eta garrantzitsuenak diruditen piezen kasuan bideoen bitartez, erregistro zorrotz bat egitera mugatzen gara. Hortaz, zaharberritzen aritzen direnei ematen dizkiegu Irulegin ateratako piezak eta beraiek egiten dute garbiketa eta katalogazio lana. Arkeologoak gero bueltatzen gara zaharberritutako pieza horiekin ikerketa egiteko.
Pieza garbitzeko eta zaharberritzeko lanak egiten hasi zirenean agertu zen eskuan idatzitakoa, urtarrilaren 18an...
Bai. Udan aztarnategi aunitz ateratzen dira, eta pieza guztiak zaharberritzeko denbora aunitz behar izaten da. Irulegiko piezen txanda urtarrilean ailegatu zen, eta urtarrilaren 18an, Carmen Usua zaharberritzaileak eskuan idatzitakoa aurkitu zuen. Bagenekin apaingarri gisako bat izan zitekeela, eskuaren itxura hartzen genion, baina ez genekien zehazki hala zenik. Garbitu ondotik, azkazalak ere agertu ziren, eta garbi gelditu zen eskua zela, eskuin eskuaren formakoa, eta lau lerroko inskripzioa zuela. Momentuan ez genuen ulertzen zer paratzen zuen eta Jesus Sesma nire tutoreak eta Nafarroako Gobernuko arkeologoak Javier Velaza Hizkuntzalaritzako katedradunarengana jotzeko aholkatu zigun. Bera da Nafarroan agertu diren gainerako epigrafe guztietan aditua. Sortzez Castejongoa da baina Bartzelonako Unibertsitateko katedraduna eta pertsonalki pieza ikustera etorri zen, autopsia deitzen duten irakurketa pertsonal hori egitera. Eskuan zegoena zer zen erran zigunean konturatu ginen piezaren garrantzia zein den. Hala ere, bertze aditu batekin kontrastatu behar zuela erran zigun, Joakin Gorrotxategi EHUko Hizkuntzalaritzako katedradunarekin, eta beregana jo genuen. Honek ere autopsia egin zuen eta biak ados zeuden irakurketarekin. Hor hasi ginen hipotesien idazketan eta lanean, nazioarteko aldizkari zientifiko batera artikulua bidaltzeko. Artikulua irailean bidali genuen, eta orain ebaluazio fasean dago. Baina lehendabiziko filtroak pasatu ditu eta guretako nahikoa izan da jende aitzinean aurkezteko. Badugu nahiko segurtasun.
«'Irulegiko eskua' komunitatearen barneko ahotsa da»
Zenbateko garrantzia du aurkikuntzak?
Ikaragarria. Arkeologiaren bitartez arras zaila izaten den aferetara eraman gaituen elementua da. Erran bezala, beraien hizkuntzari eta beraien sinesmenari buruzko informazioa eman digu. Baina ez hori bakarrik. Baskoieran, hau da, duela 2.100 urte euskararen aurrekaria izan zen hizkuntzan, idatzitako lehendabiziko testua da, eta ziurtasunez diogu, baskoieraz idatzita dagoen bakarra dela. Alde horretatik arras garrantzitsua da. Gainera, lehendabiziko hitza sorioneku da, zorioneko, mezu guztiz positiboa. Orain arte baskoiez idatzi duten bakarrak kanpokoak izan dira; erromatarrek duela 2.000 urte baskoien inguruan idatzi zuten, eta hori zen baskoiez genuen idatzizko erreferentzia bakarra, kanpotik egina eta ikuspegi inperial batetik. Irulegiko eskua komunitatearen barneko ahotsa da, beraiek beraien buruarendako eta beraien hizkuntzan idatzitako lekukotza. Horregatik oraindik txundigarriagoa da aurkikuntza.
Frogatua gelditu da inguru horretako herritarrek baskoieraz solas egiten zutela eta hizkuntza horretan alfabetatuta zeudela?
Hori da, ez solastatu bakarrik, baita idatzi ere. Alfabetatuta zeudela ikustea ere berrikuntza ikaragarria da. Gainera, iberiarren alfabeto moduko bat hartu eta beraien hizkuntzara moldatu zuten, zeinu batzuk gehituz.
Lehenagoko euskaran idatzitako testua dela erranen zenuke?
Guk baskoiera deitu diogu, baskoiak baitziren. Joakin Gorrotxategik honela erran zigun: «Hauek solastatzen zutena baskoiera zen, eta egungo euskararekin duen harremana latinak eta gaztelerak duten harremanaren parekoa edo gisakoa da. Gaur egun, garai hartako latinez erromatar bat solasean hasiko balitz, nahiz eta gaztelera jakin, ez genioke aunitzik entendituko, hitzen bat akaso bai, baina ez dena. Hemen gauza bera gertatzen da». Baskoieraz ari dira, eta gaur egungo euskararekin ez dugu aisa entendituko zer dioten. Baina sorioneku hitzak zuzeneko lotura du euskararekin.
Testuak lau lerro ditu eta lehendabiziko hitza sorioneku da. Zer dakizue bertze hitzez?
Argi eta garbi dakigu ez dela zeltiberiera, ez dela galiera... Ez da hizkuntza indoeuropar bat, hizkuntza horietan agertu diren idazki guztietan bertze zeinu mota batzuk agertzen baitira. Adibidez, Irulegikoan bi erre daude, eta bertze hizkuntza horietan bakarra erabiltzen zuten. Ez du bertze inolako harremanik hizkuntza horiekin. Hori baieztatua dago. Izan zitekeen iberiera. Baina ikusi da hitz horietan badela iberieratik hartu diren 1.500 idazkietako bakar batean ere ageri ez den hizki bat: T zeinua. Hain justu, baskoien eremuko bi txanponetan ageri da. Baskoiek iberierak ez zuen fonema hori zuten. Horrez gain, gure filologoek erranda, badakigu testu horien ezaugarriek ez dutela iberieraz idatzitakoen antzekotasunik, ez hitzen hasierak, ez amaierak, ez tartekoek... Irulegiko eskuak erakutsi digunarekin eta ditugun ziurtasun ttiki horiekin pauso haundia eman dugu gure historian.
Badago oraindik zer deskubritua Irulegin?
Bai, bistan da. Irulegin 2020tik 2024ra bitarteko plan zuzentzailea dugu, eta nire doktore tesia ere 2024an akitu beharko dut. Plan zuzentzaile horretan Nafarroako Gobernuak eta Arangureko Udalak onartutako eta babestutako helburu batzuk ditugu. Horren ondotik epe ertain-luzera begirako bertze bide-orri bat sortu beharko dugu, Nafarroako Gobernuaren, Arangurengo Udalaren eta zientzialarion artean adostutakoa.
Ondare arkeologikoari dagokionez, eskualdean badago zer aztertu?
Bai horixe. Gure eskola haundienetariko bat Amaiurko gaztelua izan da. Neurri haundi batean, Juantxo Agirre Mauleon zuzendariaren ikasle izan garen belaunaldia gara. Eta batzuoi, bertakoak izanik, sentsibilitate berezia sortzen digu. Horrez gain, Baztanen baditugu zenbait proiektu esku artean eta ea aitzinera ateratzeko baliabideak ditugun. Oraingoz, badugu laguntza eta kontent gaude.
«Arkeologiak pazientzia eta lan jarraitua eskatzen du»
Zein proiektu dira?
Bertzeak bertze, Baztango landa paisaiaren bilakaera historikoa ikertzen ari gara. Emaitzak hemendik urte batzuetara ikusiko ditugu. Irulegiko herrixkan bortz urte behar izan ditugu emaitzak pixka bat bistaratzeko. Arkeologiak pazientzia eta lan jarraitua eskatzen du.
Ondare arkeologikoaren balioaz zenbaterainoko kontzientzia dago gizartean?
Ez gaude ohituta gure eguneroko lanak Irulegiko eskuak izan duen oihartzuna izatera, orain dela 2.000 urteko aztarnez ari baikara. Halako gaiek jakin-min orokorra sortzen dute, erakartzen dute, baina eskuarekin iduri du gure herri ttiki honen alde sentsiblea ukitu dugula, eta horrek eragin du halako oihartzuna. Badago kontzientzia, baina beti ari behar dugu zientziaren bideak aitzinera egiteko eta honen aldeko apustua egiteko eskatzen.
Zuen lanak badu administrazioaren babesik?
Tokiko administrazioaren aldetik, hau da, udalen aldetik bai. Horren adibide da Aranguren ibarreko Udala, bera baita Irulegiko lanen bultzatzailea. Sekulako pieza aurkitu dugu, sekulako aztarnategia baitago, baina gibelean sekulako udala ari da hau guztia babesten. Hainbertze urtez bere ondarearen alde horrelako apustua egin duten udal guti ezagutzen ditugu eta horietako bat da Aranguren bailarakoa. Bereziki eskertuak gaude. Azken urteotan, Nafarroako Gobernua ere proiektua laguntzen ari da eta badira laguntza ematen duten bertze zenbait erakunde ere: Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Burgosko unibertsitatea... Hau elkarlan sare bat da, taldean egindako lana.
Zerbait gaineratuko zenuke?
Komunikabideetan guti samar agertu den nire arkeologo taldea aipatu nahi nuke. Ez dira argazkietan ateratzen, ez dira solasean agertzen... Baina lehendabiziko nire eskerrik haundiena beraiei eman behar diet, beraiek baitira, gurekin batera, ekainean eta uztailean Irulegin lanean aritzen direnak, eta beraiek gabe hau dena ez litzateke posible izanen. Zientzia taldean egiten den zerbait da, pausoak taldean lortzen dira eta hau urtetako lanaren emaitza da.