Pello Fernandezen hausnarketa
Baztango Udaletxean burututako ikerketen ondorioz, berretsi dezakegu Zigak Batzar Nagusiko aretorako eginiko obra ez dagoela soilik paretak apaintzeko hamar paisaiaz osatua, baizik eta egiazko programa ikonografiko bat dela, halako erranahi ikonologiko, politiko eta instituzionala duena. Baztango politikaren santa santorumaren, hots, Batzar Nagusiaren, garrantzia nabarmentzen du, erakundearen funtsarekin bat heldu den programa bisual bat ondurik, Batzar Nagusia baita Baztango erakunde politikorik gorena eta zinezkoena.
Orain artio pentsatzen zen eta, halaxe erran da argitalpen aunitzetan, aretoaren apainketa tamaina handiko hamar paisaiatan zetzala, ezberdinak bai neurriz, bai formatuz. Horri bi margolan gehiago erantsi behar dizkiogu: Nafarroako armarria eta Baztango Batasunaren Alegoria. Lan horiek Baztango herrien arteko batasunaren egiazko programa alegoriko eta sinbolikoa dira, herri guztiak Unibertsitate deritzon entitate juridiko bakarrean baturik baitaude, eta Zigak hori Nafarroako Erresumaren antolamendu politiko-administratiboan kokatu zuen.
Hori guztia sabaiari loturik dagoen friso baten bidez gauzatu eta osatu zuen, non, apaingarriez landara, zortzi armarri txertaturik dauden, hots, sei merindade historikoetakoak, bai eta Baztangoa eta Nafarroakoa ere. Nafarroako armarria errepikaturik ageri da margolan exentu gisa. Antolamendu horrek erakusten digu programa arras ongi pentsatua eta koherentziaz beterik dagoela. Izan ere, Baztango erakunde lehena –Batzar Nagusia–, hots, organo politiko eta administratibo gorena, Merindadeei loturik ageri da.
Horrekin guztiarekin batera, Baztango hainbat leku ageri dira irudikaturik, ibarraren beraren ikusizko erreferentzia osaturik. Hamar paisaia dira, formatu handian eta hainbat neurritan mihise gainean olioz onduak. Baztango paisaian aurkitu zuen Zigak delako locus edo lur erreferentzial hori, betiere emozio eta bizipenetan oinarrituriko bere ikuspegi intimistaren bidez naturaren eredu hutsa goragoko maila batera eramanez, harik eta adierazpen sakon eta garrantzitsuenetara iritsi zen arte.