Olaia Inziarte Gortari

'Lehengo Lepotikan Burua' diskoa argitaratu du Olaia Inziartek: «bidaia emozional bat izan da»

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 4a, 08:00

10 kantaz osatutako lana kaleratu du artista oronoztarrak eta sormen prozesuaren gorabeherez aritu da TTIPI-TTAPArekin

'Lehengo Lepotikan Burua' diskoa argitaratu du aste honetan Olaia Inziartek, bere lehenbiziko bakarkako proiektua. Hamar abestik osatzen dute lana eta plataforma digitaletan dago entzungai.

Apirilean hasi zen oronoztarra lana prestatzen, bere lan taldea bihurtuko zenarekin; Josu Erviti, Ander Unzaga, Eric Deza eta Joseba San Sebastian. «Entseguak egiten eta kantuei forma ematen hasi ginen. Ideia ekainean grabatzea zen, eta sorpresaz suertatu zen horrela, izan ere Josuk eta biok ikusi genuen egiten ari ginena disko bat prestatzea zela, eta bat batean testuinguru oso bat eman zen, non momentu perfektua zen diskoa izanen zena aitzinera eramateko».

Sormen prozesua «nahiko potentea» izan dela aitortu du Inziartek; «erranen nuke autoestimu musikala irabazi dudala, izan ere, ohartu naiz gai naizela kantuei zein forma eman nahi diedan irudikatzeko, diskoaren kontzeptu edo imajinarioa erabakitzeko, eta hau dena aitzinera eramateko, lan talde ezin hobe batekin». Taldeak konfiantza haundia eman dio hasieratik; «duda eta buruhauste aunitz izan arren, sentitu dut denok sinisten genuela honetan, eta hori gauza haundia da».

Grabaketa ez da beti erraza izan, kanta «bereziki delikatuak» baititu diskoak; «oroitzen naiz Zure Mina kantaren ahotsak grabatzeko, adibidez, denbora dezente behar izan nuela; geldialdiak egin, grabatzetik utzi eta negar egin, denbora hartu, eta ondotik grabatu. Arras modu intentsuan bizi izan nituen egunak, eta aski nekatuta akitzen nituen arren, hurrengo goizean gogotsu bueltaltzen nintzen estudiora».

Hainbat artisten kolaborazioak izan ditu; Olatz Salvador, Petti, Joseba Tapia, Leire Berasaluze, Kristina Aranzabe eta Hofe. «Oparia izan da, miresten ditudan artistak dira eta hurbil sentitzen ditut. Arraroa ere izan da, ni haien fana izanik, haiek nire kantuak kantatzen ikustea». Honek estilo berriak lantzeko aukera eman dio, «eta esker onak bertzerik ez ditut haiendako. Aunitz lagundu didate, pertsona bezala eta haien musikarekin».

Hamar kanta, hamaika sentimendu

Kanta bakoitzean egoera batetik abiatzen dela azaldu du Inziartek, «beharrak hala eskatuta». Batzuk «goxotasun eta miresmenetik, adibidez M.J. kantan, amatxi Maria Jesusentzat eginiko pseudojota, edo Lagun kantan, etxeko zakurrarendako esker onez egina, baino kritika eta autokritika puntuarekin baita ere». Bertze batzuk «ausardia-haserretik», Berak Badaki kantan, edo «minetik» Zure Mina abestian.

Kanta batzuk zaharrak dira, bertze batzuk berriagoak, «baina forma ematerakoan, Olaia ttikia zenaren konfiantza eta hauskortasun eder horretatik egin ditut denak, modu nahiko kontzientean». Bidaia emozional bat da diskoa, barrena husteko balio izan diona; «emozio guziak onartu eta beraien baitan egotean dago gakoa, zein edo zein ekidin beharrean. Denak gara hezur-haragizkoak eta hauskorrak, eta ederra da hori. Izan zaitezke hauskorra eta ausarta aldi berean, eta indartsua, eta mila gauza».

Hala ere, abesti bereziena Zure Mina dela aitortu du; «sendagarria izan da. Bidelagun bati idatzitako agur kanta da, eta uste dut jorratzen duen gaiaz gehiago solastatu beharko genukeela. Suizidiora gero eta jende gehiagok jotzen du, eta bada ordua honetaz mintzatzeko».

Garaxi Inziartek sortu du diskoaren azala.

«Lehengo Lepotikan Burua»

Diskoaren izenak erranairu zahar batean du jatorria; «amatxiri aditu nion behin, eta gustatu zitzaidan. Erran nahi du lehengo lepora lotuta segitzen duela zure buruak, hau da, ez zarela aldatzen». Bere buruari egiten dio erreferentzia, izan ere, «onerako eta txarrerako, uste dut zentzu aunitzetan ni ere ez naizela hainbertze aldatu Olaia ttiki horretatik, eta gauza aunitz berreskuratu nahi nituzke».

Azala Garaxi Inziartek egina da, «nire lehengusina da, eta arras kontent nago hau elkarrekin egin izanagatik». Irudiak tradizioa adierazten du, «onerako eta txarrerako, lotzen eta errotzen gaituzten gauzak irudikatuz. Aurpegian dudan tantak zerbait deigarria sortzen duela iruditu zitzaigun, irensten zaituena. Aurpegi osoa degradatzen du, bizitzan gertatzen den bezala; ur tanta batek, ttikia izan arren, aldaketak eragin ditzake norberarengan toki egokian eroriz gero».

Abenduaren 7tik 11ra eginen den Durangoko Azokan aurkeztuko du Inziartek diskoa; «bertan paratuko dugu salgai fisikoan lehen aldiz, eta aurkezpena Ahotsenean eginen dugu. Lehenengoak izanen gara jotzen eta aski urduri nago, baina seguru ederra izanen dela. Leku polita da musikari eta artista berriak ezagutzeko». Ondotik, Euskal Herriko hainbat lurraldetan ibiliko da kontzertuak egiten, gehienetan esznatokia Janus Lester taldearekin konpartituz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun