Baztango kultur agenda ekitaldiz betea egonen da abenduan

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 30a, 15:00

Iruritako Dantzarien Eguna ospatuko dute abenduaren 10ean herriko frontoian.

Baztango Udalak eta eragile kulturalek hainbat ekitaldi antolatu dituzte bertze behin bailaran hilabete honetarako. Azokez gain, solasaldiak, aurkezpenak eta ikuskizunak izanen dira nagusi abenduan Baztanen.

Azokak

Hilabetero bezala, Baztango artisau eta nekazariak Elizondoko plazara aterako dira abenduan. Hilaren 3an, 6an, 8an eta 24an produktu eta eskulanak izanen dira salgai goizez. Erratzuko artisauek ere azokak eginen dituzte bi igandetan, betiere eguraldia lagun baldin badute. Abenduaren 4an eta 18an, 11:00etatik 15:00etara, herriko plazan izanen dira.

Solasaldiak

(H)ilbeltza ekimenak eta Gaztelu Elkarteak antolatua, Amaiur bat urtero liburua aurkeztuko du Jon Alonsok abenduaren 2an Amaiurko Otsondo gelan 19:00etan.

Abenduaren 6an Pello Fernandezek, Ziga Fundazioko lehendakariak, Baztango Batzar Nagusian dauden Javier Zigaren margolanen azalpenak emanen ditu bi bisita gidatutan, 11:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz. Doan izanen dira baina plaza mugatuak izanen dituzte, beraz, aldez aurretik izena eman beharko da 948 581 279 telefonora deituz. Informazio gehiago 52. orrian. Hau, ordea, ez da Fernandezek aurkeztuko duen solasaldi bakarra izanen, hilaren 9an Blancanieves Bertiz Iriarte Oronozen bizi den idazle sunbildarraren liburua aurkeztuko baitu 19:00etan Arizkunenean, Haritz Sagasetaren musikaz lagundua. Fluyendo da liburuaren izenburua eta bertan egileak bere bizipenak plazaratzen ditu kontakizun eta olerkien bidez.

Hilaren 15ean 'Euskalgintza eta feminismoaren arteko loturak' mahai-ingurua izanen da Arizkunenean 18:00etan, Lorea Agirreren eta June Fernandezen parte hartzearekin eta Elurre Iriartek dinamizatua. Udaleko Euskara eta Berdintasun Batzordeek antolatu dute eta euskararen normalizazioaren eta genero berdintasunaren arteko antzekotasunak landuko dituzte. Abenduaren 21ean eta 22an, berriz, Emakumeendako* II. ahalduntze lantegia eginen du Baztango Berdintasun Batzordeak. Arizkunenean elkartuko dira 17:30etik 20:30era eta autoestimua eta ahizpatasunean sakonduko dute, jarrera feminista zer den definitzen saiatzen diren bitartean.

Ikuskizunak eta zinema Iruritan

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Intxaurra antzerkia aurkeztuko du Lesakako Mairu antzerki taldeak Iruritako Gizarte Bilgunean 19:00etan. Baztango Euskaraldiko Batzordeak antolatu du hitzordua eta euskararen arnasguneak izanen ditu oinarri antzezlanak. Hilaren 10ean Iruritako Dantzarien Eguna ospatuko du Iruritako Dantzarien elkarteak ikustaldi politarekin, herriko pilotalekuan 18:00etan.

Azkenik, Bolante baten historia dokumentala proiektatuko dute Gizarte Bilgunean abenduaren 16an 19:00etan. Filmak Jose Miguel Etxeberria Alvarez Komando Autonomo Antikapitalistako kidearen desagerpena eta bere familiaren bilaketa kontatzen du.

Mahai-jokoen kutxa ibiltaria eta Baztan Kantuz

Hilabetero bezala, Baztango Kultura Zerbitzuak antolatutako bi ekimen hauek bailarako herriz herriko itzuliarekin segituko dute abenduan. Mahai-jokoen kutxa ibiltariari dagokionez, Anizen txanda izanen da. Abenduaren 3an eta 4an haur, gazte eta helduendako jokoak izanen dira eskuragarri herrian. Baztan Kantuz ekimena Arraiozen izanen da hilaren 18an, igandea. Kantatzea gustuko dutenek Laxoa plazan dute hitzordua 12:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun