Nafarroan Elikadura Burujabetzaren Aldeko Manifestuarekin bat egin du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 25a, 17:30

Baztango Udalak adierazi duenez, manifestuak «lurrari lotutako eta landa eremuak biziarazteko nekazaritza eredu baten alde» egiten du. Gero Bai udal taldeak, berriz, manifestuaren aurka egin du

Atzo egindako osoko bilkuran, Baztango Udalak bat egin zuen Nafarroan Elikadura Burujabetzaren Aldeko Manifestuarekin. Udalbatzaren gehiengoak manifestuari babesa eman zion, EHBildu eta Ezkerraren aldeko 8 botorekin eta Geroa Bai eta Navarra Sumaren kontrako 5ekin.

Baztango Udalak adierazi duenez, «Nafarroako hainbertze elkartek lurrari lotutako eta landa eremuak biziarazteko nekazaritza eredu baten alde egin nahi dute manifestuarekin. Azkeneko urteetako nekazaritza politikak nekazari guttiko eredua ekarri du, lurra zakar erabiliz, landa eremuak hustuz edo biodibertsitatea apalduz… Eta hori guztia diru publikoarekin.  Kaparrosoko makrobehitegia horren adibide garbiena da».

Horregatik, «nekazari aunitz ekarriko dituen eredua behar da, landa eremuak bizirik atxikiko dituena eta lurra zainduko duena, baliabide publikoak horretara zuzenduz». Manifestu osoa leitu nahi baduzu, egin klik hemen.

Geroa Bairen desadostasuna

Baztango Geroa Bai manifestuari atxikimendua adieraztearen kontra agertu da, «manifestuak sektorearen eta bere erregulazioaren ikuspegi mugatua» ematen duelako.

Udal taldeak adierazi duenez, «elikadura subiranotasunaren kontzeptuaren garrantzia ahaztu gabe, manifestuan jasotzen diren neurri aunitzek Baztango eta Nafarroako abeltzaintza eta nekazaritza ustiapen gehienengan eragina dute». Manifestuak «ikuspegi arras mugatua» ematen duela gehitu du, «gai ugaritan, hala nola lurran, uran, trantsizio agroekologikoan, abeltzaintzan, ekoizpenean, banaketan eta elikaduran». Are gehiago, «eredu agroekologiko erradikal baten aldeko apustu esklusibo eta baztertzaileak Baztango eta Nafarroako familia ustiapenen %90 baino gehiago kanpoan uzten dituela» adierazi dute.

Koalizioaren ustez, «ez da ustiapen hauek zigortzeko eta kaltetzeko unea, konponbideak bilatzeko eta laguntzeko» baizik, «sektore honek azken urteetan pairatu dituen zailtasunak kontuan izanik eta azken urtean egoerak okerrera egin duela ikusirik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun