'IKERTU NAhiEN' proiektuaren lanen buru izanen da Baztango Udala

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 25a, 13:00

Euroeskualdeko landa eremuak dituen arazo, behar eta erronkei aurre eginen dion mugaz gaindiko ikerlarien sare bat sortzea du helburu programak

Hiritartasun deialdiak finantzatua, IKERTU NAhiEN mugaz gaindiko proiketua abiatu zen irailean, eta Baztango Udala du koordinatzaile nagusia. Proiektuaren partzuergoko kideak NUP, ESTIA, EHU, eta Les Ateliers de Jours à Venir dira.

Helburua Euroeskualdean (Akitania Berrian, Nafarroan eta Euskadin) gaur egun landa eremuak dituen arazo, behar eta erronkei aurre egitea da, horretarako mugaz gaindiko ikerlarien sare bat sortuz. Sarearen eraikuntza prozesuan emanen diren topaketa eta ezagutza trukaketen bitartez, landa eremuan eragin positiboa duten diziplina anitzeko irtenbideak sortuko dituzten ikerketa-proiektuak sustatuko dira. Horrela, Eragile Akademikoen Sarea sortzeko asmoa dute, eta Baztango Udala, bere kokapen geografikoarengatik eta landa eremuaren erdigune izanda, proiektuaren lanen buru izanen da.

Proiektuak urtebeteko epea izanen du helburua lortzeko, eta lehenbiziko pausoa ikerketa taldeak saretzeko interes adierazpena plazaratzea da. Horregatik, landa eremuko ikerketa interdiziplinarrean lan egin nahi duten ikertzaileei dei egin diete, «beraien interesa plazaratzeko eta galdetegi labur bat betetzeko». Ikertzaileen sarea osatua, gune fisiko bat izanen du Baztanen, sarea egituratzeko.

Eragin handiko proiektua

Proiektuak Euroeskualdeko Akademian eragin handia izatea espero da. Izan ere, Ikerketa Sareak hainbat talderen arteko ezagutza eta harremana sustatuko du, eta erabiltzen dituzten metodologien eta lan-ildoen arteko elkarreraginak erabakigarriak izanen dira lankidetza bultzatzeko. Gainera, Euroeskualdea osatzen duten hiru lurraldeetan lehenagotik egin ez den zerbait planteatzen du, izan ere, «ez dira batere ohikoak landa eremutik eta landa eremuarendako ikerketa eta berrikuntza metodologia disruptiboak aplikatzen dituzten sareak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun