Klima aldaketari buruzko nazioarteko konferentziaz aritzeko merienda-afaria asteartean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 25a, 10:00

COP27 Klima aldaketari buruzko nazioarteko konferentziaren inguruan mintzatzeko, solasaldia eta merienda-afaria antolatu du Baztango Talde Ekosozialak azaroaren 29an 19:00etan Amezti elkartean. Lorea Flores Greenpeaceko arduraduna izanen da hizlaria eta biltzarreko eztabaidaren eta ondorioen inguruko gogoeta eginen du.

Nazioarteko konferentzia

Talde Ekosozialak azaldu duenez, «azaroaren 6tik 20ra Nazio Batuen Erakundeak Klima aldaketari buruzko nazioarteko konferentzia egin zuen Egipton. Klimaren aldaketa mundu mailako erronka handia da, ezagutzen diren giza-antolamenduen biziraupena kinkan utziko baitu. Urteak dira nazioarteko biltzar hauek gaiari buruz mundu mailako hitzordu garrantzitsuak direla, nahiz gero ondorio gutti atera».

Azkeneko biltzarrak «herrialde aitzinatuek azpigaratutakoak konpentsatzeko funts baten sortzea ekarri du. Izan ere, orain ezagutzen dugun klimaren aldaketa ez baita berezkoa, hazkunde etengabean oinarritzen den kapitalismo industrialak ekarritakoa baizik. Mundu mailan bidegabeki antolatua».

Honen aitzinean, Baztango Talde Ekosozialak «horri buruzko gogoeta» egin nahi du, «nazioarteko biltzarrak, tokiko ekimenak, erronka globalak, justizia soziala… nola uztartzen ahal diren ikusteko». Hitzordua «interesa duten guztiendako» izanen da, «eta mahaiaren bueltan giro goxoan egiteko pentsatua».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun