Azaroak 25

'Memoria eraikiz' ikuskizuna aurkeztuko du Hotzmuga antzerki konpainiak Iruritan igandean

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 24a, 12:30

Memoria eraikiz ikuskizuna izanen da Iruritako Gizarte Bilgunean azaroaren 27an, Hotzmuga antzerki konpainiaren eskutik. Hiru pase eginen dituzte, 17:30ean, 18:30ean eya 19:30ean. Plaza mugatuak izanen dira eta gehienez 28 lagun sartzen ahalko dira pase bakoitzean, beraz, aldez aurretik izena eman beharko da 948 581 279 telefono zenbakira deituta.

Sinopsia

Ikuskizunak zentzumenak pizteko eta enpatia areagotzeko bidaia emozionala proposatzen du. Sentsibilizazioa sustatzeaz gain, indarkeria matxista gizartearen eta estatuaren erantzunkizuntzat hartzea du helburu.

Diziplina anitzeko instalazio artistikoa da, zeinetan dantzak, soinu-munduak eta argiztapenak esperientzia eraldatzailea bizitzera gonbidatzen duten publikoa.

Kolektibo gisa zeharkatuko duzue ate misteriotsua, baina norberak bere esperientzia biziko du barrenean pasatutako 35 minutuetan. Ikus-entzunezkoen, dantzaren eta antzerkiaren bidez, emakumeongana hurbiltzeko aukera izanen da, emakumeak ezagutu eta «gutariko bat» bezala hartzeko. Emakume guztioi gertatzen zaiguna –eta, beraz, jendarte osoari– gure memoria kolektiboan jasotzeko, berriz gerta ez dadin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun