Elizondoko Lanbide Eskolako 16 ikaslek Giltza programan parte hartuko dute heldu den astean

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 23a, 20:00
2020an Donezteben egin zen lehenbizikoz Giltza programa.

Gazteen aktibazio eta enplegagarritasuna hobetzea du helburu proiektuak eta horretarako hainbat jarduera eginen dituzte aste osoan

Nafar Lansareak eta Hezkuntzak gazteei zuzendutako Giltza aktibazio programa martxan jarriko dute hurrengo astean, Fundacion Emplearen dinamizaziopean. Elizondoko Lanbide Eskolako goi mailako administrazio eta finantzako 16 ikaslek parte hartuko dute. Programaren helburua gazteen aktibazio eta enplegagarritasuna hobetzea da, talde lana, komunikazioa, lidergoa, kreatibitatea, estrategia etab. garatuz.

Horretarako, hainbat ekimen eginen dituzte aste osoan. Asteartean esker kate bat osatuko dute Elizondoko komertzioetan, dendaz denda trukeak eginez. Asteazkenean eskualdeko hainbat eragileren bisita izanen dute; Nasuvinsako Arantxa Arregi, Baztango Udaleko Joseba Otondo, etxebizitza modelo kooperatiboa azalduko duen Xabier Torres, DenokBat elkarteko Felipe Saragueta eta turismo elkarteko Mikel Albisu izanen dira gazteekin, eta hiru erronka aurkeztuko dizkiete: etxebizitza, komertzioa eta turismoa.

Ikasleek bi saioetan soluzioak garatu beharko dituzte. Ortziralean, abenduaren 2an, soluzioak aurkeztuko dizkiete eragileei, 12:00etan hasita. Eragileek tribunal lanak eginen dituzte eta 13:30ean diploma banaketa izanen dute.

Eskualdean egiten den proiektuaren bigarren edizioa izanen da aurtengoa, 2020ko ekainean Donezteben egin baitzen. Baztan-Bidasoko hamaika gaztek parte hartu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun