Tirri&Teryk azken besta eginen du larunbatean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 23a, 14:00

Baztango Gazte Asanbladarekin batera, 'Azken Guateque Espaziala' antolatu dute eta Baztango hainbat DJk parte hartuko dute

Juan Angel Perotxenak eta Ion Mindegiak osatutako DJ bikoteak azken emanaldia eginen du azaroaren 26an Elizondon, 12 urteko ibilbidea borobiltzeko. Horretarako, besta berezia prestatu dute Baztango Gazte Asanbladarekin batera gaztetxean eta merkatuko plazan, eta bailarako hainbat DJ izanen dira musika jartzen.

19:30ean hasiko da besta gorapean Very Big Nose-kin, eta 21:00etan Potota Frexko eta Flazido Fonkiren txanda izanen da. 22:00etan Azukre Beltxarana bikoteak azken saioa eginen du eta Kalima Limon bikotearen aurkezpena eginen dute. 23:30ean Tirri&Tery-ren txanda izanen da, azken emanaldian.

Ondotik, besta gaztetxe barnera mugituko dute eta 02:00etan Xuritabeltzek jarriko dute musika. 03:00etan Euskadi Ta Askatatxundaren txanda izanen da eta 04:00etan Piek. 05:00etan DJ Aimar eta Xinto izanen dira eta besta akitzeko, DJ Tape 06:00etan.

Honez gain, pintxoak izanen dira 20:00etatik 22:00etara eta mojitoak 19:30etik 21:30era.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun