Azaroak 25

«Indarkeria matxistari aurre egiteko tresna nagusia emakumeon* arteko sareak sortzea da»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 22a, 07:00

Uxue MUGIRO, Baztan Iñarrosi taldeko kidea

Baztan Iñarrosi talde feministan argi dute azaroaren 25etik haratago «egunero kontra egin beharreko indarkeria dela indarkeria matxistarena, gure egunerokoan dagoelako, ez azaroaren 25ean bakarrik». Hala ere, egun hori «salaketarako egun berezia» ikusten dute, «urte osoan pasatutakoaren gaineko hausnarketa egiteko» aproposa eta horretarako probestu nahi dute. Halaxe adierazi digu Baztan Iñarrosi taldeko kidea den Uxue Mugiro arizkundarrak.

«Aurten pasatu diren zenbait eraso kontuan hartuz» Baztango mugimendu feministak zibererasoen gaia hartu du azaroaren 25 honetarako esku artean , «sare sozialak gizartearen isla direlako, eta bizi errealean bezala, bertan ere indarkeria dagoelako». Mugirok adierazi duenez, «indarkeria hori jasaten dugunak emakumeak, batez ere gazteak, eta LGTB komunitateko jendea izaten gara».

Oro har, gaiaren inguruko «kontzientzia gehiago» nabaritzen du, «erasoen ehuneko ttiki bat bakarrik salatzen bada ere, aurrerapauso nahiko haundia eman da». Baina bada zer egina: «Prozesu baten moduan ulertu behar dugu borroka hau, pauso bakoitza garaipen bat den arren, bide luzea dugu oraindik egiteko, berdintasunean oinarritutako gizartea lortzeko». Horrekin lotuta, «azken aldian egindako bide hori guztia urratu nahi duten kontraerreakzioak» ekarri ditu gogora, «faxismoaren goititzearekin lotuta». Horregatik «inoiz baino garrantzitsuagoa» iruditzen zaio «berdintasunean sinesten dugun guztion arteko batasuna mantentzea, eta bidea lantzen segitzea, gibelera pauso bakar bat ere eman gabe».

Indarkeria matxistaren icebergaren alderdi ikusezinean ere arreta jarri du Elizondon bizi den arizkundarrak, eta horren harira, «ttikikeria horiek dira lantzeko zailenak» dio. «Biolentzia arras agerikoa denean, errazago egiten zaigu hori salatzea». Berak, ordea, garbi utzi nahi izan du «icebergaren metaforak ederki erakusten duen bezala, ttikikeriatzat izendatu ditzakegun horiek direla ageriko biolentzia baimentzen dutenak. Ideien inguruan ari gara, gure balioen inguruan, identitatearen inguruan… Horiek ez dira egun batetik bertzera aldatzen, eta salatzeko zailtasun handiagoak daude. Bizi osoko ikasketa baten fruitu izan dira, eta erruak banatu gabe, denek arduraz hartu beharreko aferak direla uste dugu».

Ziztadak, berriz, «emakumeen artean beldurra zabaltzeko metodo ezin hobea» direla erran du Mugirok, «ziztadek neska gazteek bestara atera edo ez pentsatzea lortu dute ». Eta hori «matxismoaren garaipen izugarritzat» jo du, «baita biolentzia ikaragarria ere. Pozoitu behar gaituzte etxean geldirik mantentzeko. Sistema matxistak ez gaitu espazio publikoan borrokan nahi. Bakarturik eta izuturik nahi gaitu». Bada horren kontra, «inpotentzia guzia adore bihurtzeko» deia egin du.

«Gizartea ez da deus desberdintasun sozialik gabe, eta emakume eta gizonen artekoa horietako bat da»

«Gizartearen erroetan» ikusten du arazoa baztandarrak, «bizi dugun gizartea ez da deus desberdintasun sozialik gabe, eta emakume eta gizonen artekoa horietako bat da. Botere kontu bat da, nork duen eta nork ez». Gaineratu duenez, «botere hori mantentzeko egitura ekonomiko eta kultural ikaragarria du sistema honek. Gure bizitzetako alor guzietara ailegatzen da, gure izaeraren barneraino».

Hala, «gizartearen egitura osoa ustelduta» dagoela iritzita, «hutsetik konponbidea sortzen hasteko» beharraz aritu da, eta horretarako ezinbertzekoa iruditzen zaio «berdintasuna eta elkar zaintza indartzen duten balioak bilatu eta aldarrikatzea». Are gehiago, «kapitalismo zis-heteropatriarkal honen helburua bizitzak suntsitzea bada, guk bizitzak erdigunean paratu behar ditugu». Eta «alternatibak proposatzeko» eskatu du, baita adibide bat bota ere: «mugimendu feministak aldarrikatzen duen zaintza sistema komunitarioaren proposamena».

Horrekin batera, «desberdintzen gaituen hori ezabatzeaz»  aritu da eta hori «ttikitatik» egin daitekeela aipatu du: «zure genero rola boikoteatuz, ‘ez dagozkigun’ lan horiek egiten hasiz, zure ingurua eta ingurukoak zainduz… Feminismoaren alde egitea ariketa praktiko bat izan behar da, eraldaketa pertsonaletik hasten dena».

Ez du zalantzarik, indarkeria matxistari aurre egiteko bide horretan, «emakumeon* arteko sareak sortzea eta mugimendu bat sortzea» da bere ustez tresna nagusia, eta horregatik errepikatu du «gure artean zaindu eta babesteko» deia. Eta bide batez, «mugimendu feministara biltzeko mezua» luzatu du, «borroka honek guztion indarra behar baitu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun