Bittori Etxeberria baztandarrari buruzko solasaldia izanen da asteazkenean Arizkunenean

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 21a, 13:30

Argakia: naiz.eus

Larunbatean, azaroaren 26an, Etxeberria eta frankismoko erresistentziako kideak omenduko dituzte eskultura baten inaugurazioarekin Elizondon

Baztango Udalak eta Elizondoko Herriak antolatua, Bittori Etxeberriari buruzko solasaldia izanen da asteazkenean, azaroaren 23an, Arizkunenea kultur etxean 19:00etan. 'Bittori, Baztandik Euskal Herrira askatasunaren alde' izenpean, EHUko irakaslea eta historialaria den Josu Chuecak emanen du mintzaldia. Frankismoaren kontrako erresistentzian partu hartu zuen Etxeberriak eta Alava Sareko kide garrantzitsua izan zen.

Honez gain, euskal erresistentzian parte hartutako baztandarrak oroituko dituzte larunbatean 12:00etan, Elizondoko Pedro Axular karrikan eginen den eskultura inaugurazioarekin. Bertan Bittori Etxeberria, Esteban Etxeberria, Agustin Ariztia, Felicitas Ariztia eta Timoteo Plaza omenduko dituzte, guztiak Alava Sareko kideak izan zirenak.

Inaugurazioan Josune Makibarrek, Mari Jose Alañak eta Amaia Kordobak kanta bat eskainiko dute, Maddi Melladok biolin-pieza bat eta Baztandarrak-Jo ala Jo taldeak aurreskua. Ekitaldian Mirentxu Oiartzabalek, omenduen adiskide eta parlamentari ohiak; Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Kontseilariak eta Joseba Otondok, Baztango alkateak hitza hartuko dute.

Bittori Etxeberria

Bittori Etxeberria (Elizondo, 1908-1997) Alava Sareko parte hartzailea izan zen, hau da, frankismoaren sorreran Eusko Jaurlaritzaren eskariz iheslariei muga pasatzen laguntzen zuen eta espioitza lanak egiten zuen sareko kide. Etxeberria bereziki nabarmendu zen garai hartan, bera izan baitzen sarea Euskal Herri osora hedatu zuen bultzatzaile nagusia.

Sarea 1940an desegin zuen frankismoaren poliziak, naziek Paris hartu zutelarik, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan atzemandako informazioarengatik. Sareari esker, ehunka lagunek frankismotik ihes egin ahal izan zuten, errepresaliatutakoei laguntza eman ahal izan zitzaien eta Eusko Jaurlaritzarendako baliagarria zen informazioa eskuratu ahal izan zen.

Horrez gain, aipagarria da II. Errepublikaren garaian erakutsi zuten konpromisoa. Horretan ere Bittori Etxeberria nabarmendu zen, Emakume Abertzaleen Batza antolatu baitzuen Baztanen; bertze hainbatekin Baztango lehendabiziko ikastola sortu eta abertzaletasunaren bultzatzailea ere izan baitzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun