Erdizko meategiaren proiektuaz

Erdizko proiektuari buruz erabakitzeko eskubidearen alde bildu dira baztandarrak

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 21a, 10:00

Baztango 14 herrietako alkateek, denek Almandozkoak izan ezik, herri galdeketak antolatu zituzten atzoko egunarekin, Erdizko proiektuari buruz herritarren iritzia ezagutzeko. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, ordea, galdeketak bertan behera uztera behartu zituen. Hortaz, atzo goizean batzarrak egin zituzten herrietan, herritarrei egoera azaltzeko, eta arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Elizondon. 750 lagun inguru elkartu ziten plazan Iritzia eman nahi dugu lelopean.

Ixabel Aleman Amaiurko alkateak hartu zuen hitza; «azaroaren 20a dugu gaur, hamalau alkatek deituta, herri galdeketak egin behar ziren eguna. Ariketa erraza zen: Baztango  ordenantzek ahalbidetzen duten gisan, alkateok herritarren iritzia kontsultatu behar genuen, Erdizko bazkaleku komunalean okupazioa Magnari baimentzearen inguruan. Nonbait, gauzak ez dira horren sinpleak eta, erabakitzeko eskubidea ebasteaz gain, iritzia emateko aukera ere kendu digute».

Salatu zuenez, «baztandarron hitzak ez die axola Belaten bertze aldetik gobernatzen gaituztenei; parte-hartzeaz eta herritarren interesez ahoa betetzen duten mandatariei, hain zuzen. Gaur, azaroak 20, inposizio franko Baztanen eta, hara ze paradoxa, urna bera sinbolo bilakatu zaigu, izan ere, eta hondar astean han eta hemen erran dugun gisan, iritzia eman nahi dugu!».

Azkenik, Nafarroako Gobernuari galdera bat zuzendu zion: «ez Batzar Nagusiak ezta herrietako alkateok ere ezin badugu herri galdeketarik egin, nola egin behar du Gobernuak baztandarrok Magnaren meategi egitasmoaz dugun iritzia ezagutzeko?». Herritarren eskakizuna «sinplea» dela adierazi zuen, «eta ez gara errepikatzeaz nekatuko: inposiziorik ez, baztandarrok iritzia eman nahi dugu».

Honen ondotik, bozketa sinboliko bat egin zuten. Boto-paperak banatu zituzten herritarren artean eta ordu erdiz, banan-banan kioskora igo ziren boto-ontzia betetzeko.

Herri batzarrak

Elkarretaratzeaz gain herri batzarrak egin dituzte asteburuan, azaroaren 19an Azpilkuetan eta azaroaren 20ko goizean gainerako herrietan. 500 lagun inguru bildu ziren osotara batzarretan eta alkateek egoera azaldu zieten herritarrei; «azaroaren 10ean Guardia Zibilak Elizondoko kuartelera deitu gintuen Espainiako Gobernuak Nafarroan duen delegatuaren errekerimendua banan-banan hartzeko. Bertan, gure herrikoei galdetzeko eskumenik ez genuela adierazi eta galdeketak egiten bagenitu, ondorio administratibo edota zibilak pairatzen ahalko genituzkeela jakinarazi ziguten».

Debekua «erabat antidemokratikoa eta baztandarren eskubideen kontrako jazarpena» dela adierazi zuten eta «ordenantzen defentsa sutsua» eginen dutela gaineratu zuten, «gure herriaren iritzia entzun eta behar den lekuetan plazaratu nahi dugulako». Hortaz, Baztango Batzar Nagusiak eta alkateek galdeketa egitea debekatua duetenz, Nafarroako Gobernuari erreferenduma antolatzeko eskatu diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun