'Amaiur! Libera State' komikia Aiacciuko komiki festibalean saritua izan da

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 16a, 17:00
Argazkia: Festival International de la BD d'Ajaccio et de la Corse du Sud.

Korsikan egindako komikien festibalean Historia saria irabazi du Asisko Urmenetaren saiakera grafikoak

Amaiurko Gaztelu Elkartearen ekimenez, Asisko Urmenetak Amaiur! Libera State saiakera grafikoa argitaratu du aurten, Erroa eta Herrima argitaletxeen eskutik. Amaiurko batailaren 500. urteurrena ezagutzera ematea du helburu komikiak, «memoria historikoa berreskuratzeko eta narratiba nazionala idazteko».

Orain, Korsikako Aiacciu herrian asteburu honetan egindako Aiacciuko 20. Nazioarteko Komiki Festibalean saritua izan da komikia. Bederatzi autore izan dira sarituak festibalean eta Urmenetak Historia saria jaso du zehazki.

Komikiaren sinopsia

«Gu guztiok hilen gara. Belatzekin batera gaztelu hura defenditzearren». Johanes Agirre, Etxalarko notarioa, 1522-07-11.

Orain dela 500 urte ehun nafartar librek gogor egin diote sei mila gizoneko armada inperialaren oldarraldiari aste oso batez. Erdiak hil dira bertan, eta bertze erdiak preso eraman dituzte, katez kargaturik.

«Jaun Jakue Belatz, zuk eta gure nazioko eta leinuko zaldun jaun horiek guztiek irabaziko duzue ezein naziok sekula irabazi ez duen ohorerik behinena». Antso Esa, Erresumako altxorzaina, Baionatik 1522-07-12.

Gutun hura da gazteluan sartzeko azkena, biharamunean hasiko baita erasoa. Hasiko... edo jarraituko, zeren Amaiurko balentrian itxi baita hamar urteko zikloa.

«Gerla hilka, Nafarroakoa: Independentzia, bidegabekeriaren aurka, Herioa, Biziaren aurka, Leialtasuna, Perfidiaren aurka». Migel Orreaga, 1923.

Album honetan, aztertu ditugu konkista-gerla haren kronologia eta okupazioaren makineria 1512tik 1522ra bitarte, bai eta inbasioaren kontrako erresistentzia epikoa ere, izen eta deiturekin: Jakue Belatz Medrano, Maria Hozta, Johanes Arremiritz Bakedao, Johanikot Arberoa...

«Populuak bota ditu Espainiako armarriak eta [Iruñeko] hiria gelditu da bere buruaren jabe». Antonio Villalobos, 1521.

Dokumentazio ugari aztertu eta destilatu egin dugu, eta orain Herriari eskaini, baliagarri izanen zaiolakoan bost mende bete diren honetan. Amaiur, euskaldunon zoru epikoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun