Nafarroako Gobernuak 192.000 euroko dirulaguntza eman dio Baztango Udalari hondakinen kudeaketarako

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 15a, 16:00

Aurtengo eta heldu den urteko hondakinen kudeaketa hobetzeko ekintzak finantzatuko dituzte diruarekin

Baztango Hondakin Sailak jakinarazi duenez, «orain arteko Nafarroako 14/2018 Foru Legearen arabera eta heldu den urtetik aitzinera Estatuko Hondakinen 7/2022 legearen arabera, zabortegira bideratzen dugun hondakin tona bakoitzeko kanon bat ordaintzera behartuak gaude. Nafarroako kasuan ordaindutako kanonaren bitartez 'Hondakinen Funtsa' izeneko diru poltsa hornitzen da».

Bildutako dirua mankomunitate eta udalei ematen zaie, «hondakinen kudeaketa hobetzeko aurrera ateratako ekintzen, eta lortutako hondakinen murrizpen edota birziklapen datuen arabera».

Dirua berreskuratzeko deialdiak bi formatutan ateratzen dira: urteko dirulaguntzak eta hainbat urteetarako. Nafarroako Ingurumen Departamentuak 2021 eta 2022 urteetako dirulaguntzen ebazpenak jakinaraziko dizkio Baztango Udalari eta hiru deialditan onartu dituzte, guztira ia 192.000 euro emanez:

  • 2021ean hainbat urteetarako dirulaguntza: 34.817 €
  • 2022ko dirulaguntza: 36.885,69 €
  • 2022an hainbat urteetarako dirulaguntza: 120.243,03 €

Lortutako dirua hiru ekimen nagusi finantzatzeko erabiliko du Hondakin Sailak. Lehenbizikoa hondakinen prebentzioa izanen da; errefusa-kopa lehiaketak, erosketa jasangarriak bultzatzeko sentsibilizazio eta informazio ekintzak, hondakinen prebentzio eta birziklapen tailerrak… Bigarrena gai organikoen birziklapena: akonpainamendu zerbitzua, eskuorrien banaketa, edukiontzi marroien erosketa… Eta hirugarrena gainerako frakzioen bilketa eta balorizazioa: hondakinen egutegia, bilketa kamioietako GPS sistema, ontziak eta paper/kartoia biltzeko edukiontzien erosketa, garbiguneko berrerabilpen gunearen eraikuntza…

Ekimen hauekin hondakinen kudeaketa hobetzea dute helburu; «ondoko urteetan zabortegira bideraturiko hondakin kopurua gutitzeko, ordaindu beharreko kanona murrizteko eta frakzio birziklagarrien portzentaiak handitzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun