Erdizko meategiaren proiektuaz

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen delegatuak berriz debekatu du Erdizi buruz kontsulta egitea

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 12a, 08:00

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak debekatu egin du azaroaren 20rako Baztango herrietako alkateek Erdizko larrearen okupazioari buruz antolatutako herri-kontsulta. Kontsulta honen bitartez, Magnesitas Navarras enpresak Erdizen egin nahi duen meatzeari buruz baztandarrek duten iritzia jakin nahi zuten alkateek. EH Bilduk Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari leporatu dio herritarrei hitza kentzea. 

Urriaren 23an Iruritako Dorrea jauregian egindako agerraldian, Baztango 15 alkateetatik 14k, denak Almandozkoak izan ezik, galdeketak herriz herri eginen zituztela iragarri zuten, Baztango Ordenantzek ematen zizkieten eskumenak baliatuz. 

Dena prest zegoen azaroaren 20an kontsultak egiteko baina ortzegunean, 14 alkateak Elizondoko Guardia Zibilaren kuartelera deitu zituzten, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariaren komunikazioa eskura emateko.

EH Bilduren salaketa

EH Bilduk larritzat jo du Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak Erdizko eremuen okupazioari buruzko herri-galdeketa bertan behera uzteko errekerimendua egin izana. Koalizioak azpimarratu du galdeketa bat egitea ariketa demokratiko dela, «Baztangoak diren lursail batzuei eman nahi zaien erabileraz herritarrek duten iritzia entzuteko».

Gaineratu du legediaren arabera herritarrek eskubide hori dutela. Kritikatu egin du, gainera, udalerriz gaindiko eragina duen plan gisara aurkeztu izana proiektua, «herri kaltetuen autonomiaren gainetik eta Baztango Udalari Erdizko lurrei eman nahi dien erabileraren gainean erabakitzeko aukera kenduz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun