Haur hezitzaile lanpostuko lan-poltsa osatzeko deialdia egin du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 7a, 17:30

Lixura Baztan udal enpresa publikoan sortzen diren beharrak betetzeko da deialdia eta eskabideak azaroaren 18ra arte aurkezten ahalko dira

Baztango Udalak haur hezitzaile lanpostua betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdia egin du. Lan-poltsan sartzeko eskaintza da deialdia, gaur egun kudeatzen diren zerbitzuetan eta etorkizunean Lixura Baztan udal enpresa publikoak kudeatuko dituen zerbitzuetan sor daitezkeen beharrizan funtzional eta antolamenduzkoak betetzeko. Beharren arabera, hautatutako pertsonei lanaldi osoan edo partzialean aritzeko dei egin ahal zaie.

Deialdian parte hartzeko hurrengo baldintzak bete beharko dira: espainiarra edo Europar Batasuneko estatu kide bateko herritarra izatea, 16 urte beteta izatea, Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikari titulua, maisu-maistraren gradu titulua edo baliokidea edukitzea, eginkizunak betetzeko beharrezko gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, funtzio publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea, sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik edo gizakien salerosketaren aurkako delituren batengatik kondenatua ez izatea eta euskarako C1 titulua edo baliokidea edukitzea.

Eskabideak Baztango Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, azaroaren 18 izanda azken eguna. Deialdiaren oinarriak eta eskabide eredua eskuragarri daude baztan.eus webgunean.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda Baztango Udaleko iragarki-oholean eta baztan.eus webgunean argitaratuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun