Erdizko meategiaren proiektuaz

Erdizko proiektuari buruzko galdeketen lekuak eta ordutegia adostu dituzte Baztango alkateek

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 5a, 12:00

Azaroaren 20an, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bozkatzen ahalko dute baztandarrek, bakoitzak bere herrian

Baztango Batzar Nagusiak bitan saiatu da herritarren iritzia jasotzen Magnak Erdizen egin nahi duen harrobiaren inguruan, baina galdeketak debekatuak izan dira bi kasutan. Horregatik, Baztango alkateek, Almandozkoak izan ezik, iniziatiba hartzea erabaki dute eta galdeketak antolatu dituzte herrietan, «baztandarren iritzia entzuteko».

Azaroaren 20an, igandea, baztandarrek galdera hau erantzuteko aukera izanen dute: Erdizko bazkaleku komunalean okupazioa Magnari baimentzearen alde zaude?. Alde nahiz kontra egon, «iritzia ematera» animatu dituzte herritarrak, «Baztan guztiok osatzen dugulako».

Bozketa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eginen da eta herri bakoitzak horretarako leku bat aukeratu du:

  • Amaiur: Otsondo gela
  • Aniz: Herriko batzartegia
  • Arizkun: Medikuaren etxea
  • Arraioz: Herriko batzartegia
  • Azpilkueta: Herriko elkartea
  • Berroeta: Herriko kontsultategia
  • Elbete: Herriko eskola
  • Elizondo: Herriko etxea
  • Erratzu: Lixutegia
  • Gartzain: Herriko etxea
  • Irurita: Gizarte Bilgunea
  • Lekaroz: Herriko eskola
  • Oronoz-Mugairi: Herriko batzartegia
  • Ziga: Herriko elkartea

Bozkatzeko, beharrezkoa izanen da NANa aurkeztea. Boto-paperak etxez etxe banatuko dituzte eta batzarguneetan ere eskuragarri egonen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun