Laguntza Etxerat egitasmoa aurkeztu dute Elizondon adinekoen etxe inguruko zaintza antolatzeko

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 4a, 17:00

Nicolas Blain Laguntza Etxerat elkarteko lehendakariorde ohiak azaldu du egitasmoa

Hazparneko eskualdean duela 46 urte sortu zen proiektua eta adineko jendeari zaintza etxean bertan ematea du helburu

Baztango EH Bilduk adinekoen etxe inguruko zaintzari buruzko solasaldia antolatu zuen atzo Arizkunenean. Izan ere, Nafarroako Gobernuak 65 urtetik goitikoei zahartzaroari buruz egindako inkesta batean, %85ak erantzun zuen laguntza behar izatekotan etxean hartu nahiko lukeela. Horregatik, Nicolas Blainek, Laguntza Etxerat elkarteko lehendakariorde ohia eta EHBaiko koordinatzaile denak, Laguntza Etxerat egitasmoa aurkeztu zuen.

Hazparneko eskualdean duela 46 urte abiatutako proiektua da Laguntza Etxerat, eta elkarteak zerbitzu andana eskaintzen ditu: «ohatzetik jaikitzen, janzten, bainura joaten eta dutxatzen laguntzen du, otorduak prestatzen, etxeak garbitzen, etxeko mantentze eta brikolajea egiten…». Modu berean, etxetik kanpora ere laguntzen dute: «medikura, ospitalera, merkatura, ile-apaindegira, lagun baten etxera… eramanez, ospitaleko egonaldiak eginez, etab.».

Zerbitzu hauek eskaintzeko, 120 langile eta 2,5 milioi euro inguruko aurrekontua ditu elkarteak. Finantzazioa erabiltzaileen ordainketatik eta udalek naiz Pirinio Atlantikoak emandako laguntzetatik lortzen dute. Gainera, erabiltzaileek ordainketak egiteko laguntzak izaten dituzte eta horretarako administrazio eskumendunek pertsonaren ebaluazioa egiten dute.

Honez gain, elkarteak laguntzaileak ere laguntzen ditu, «aldika bikotekidea izaten baita zaintzaz arduratzen dena». Elkarteko langileek formakuntza etengabea dute, baita heriotzari aurre egiteko laguntza ere. Gainera, elkarteak familien eskaerak aztertzen ditu, «beharra zeinahi dela, erantzunen bat emateko eginahala egiteko».

Hala ere, langileak lortzeko zailtasunak dituztela azaldu zuen Blainek, «lanaldi osokoak gutti baitira, soldatak hala modukoak…». Sektoreko hitzarmen kolektiboak araututako lan baldintzak «franko eskasak» direla azaldu zuen, eta elkartea «hitzarmenak finkatutakotik goiti zerbait gehiago ematen» saiatzen dela. «Aipagarria da langile gehienak eskualdekoak direla».

Irabazi asmorik gabeko elkartea da Laguntza Etxerat, eta administrazio kontseiluan herriko etxeetako ordezkariek eta herritarrek parte hartzen dute. Hortaz, «ez da erakunde publikoen zuzeneko zerbitzua, nahiz helburu publiko eta sozial argia duen». Azkenik, Blainek ohartarazi zuen enpresa pribatuak «etxeetako adinekoen zaintzan indartsu sartzen ari direla», eta horrek «zerbitzuan irizpide merkantilistak sartzea» ekartzen duela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun