Australiako eta Euskal Herriko aizkolarien arteko desafioa izanen dute Lekunberrin larunbat arratsaldean

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 4a, 16:00
2006an Munduko aizkolari azkarrenaren titulua lortu zuen Lawrence O'Toole australiarrak Tolosan, Iker Vicente, Atutxa eta Jon Rekondo leitzarraren aitzinetik. Orain bikoteka desafioa izanen dute australiarrek eta euskaldunek.

Urrezko Aizkolari Kopako lehen kanporaketa ere jokatuko dute sei aizkolarik eta Zigako Joxean Etxeberria bertan izanen da

Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan aizkora hitzordu bikoitza hartuko du azaroaren 5ean, larunbatean 17:30ean. Alde batetik, Australia eta Euskal Herriko aizkolarien arteko desafioa jokatuko da eta bertzetik, Urrezko Aizkolari Kopako lehen jardunaldia.

Australia eta Euskal Herriaren arteko aizkora desafioan, Lawrence O’Toole eta Glen Gillan australiarrek, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga euskaldunekin neurtuko dituzte indarrak. Hamalauna enbor moztu beharko dituzte, lau modalitatetan.

Urrezko Aizkolari Kopa

Bertzetik, Urrezko Aizkolari Kopako lehen jardunaldi-kanporaketa jokatuko dute Lekunberrin. Ohi bezala, txapelketa honetako finala abenduaren 31n jokatuko dute Asteasun.

Lekunberriko saioan, Zigako Joxean Etxeberria izanen da eskualdeko aizkolari bakarra. Berekin batera, Xabier Zaldua, Ibai Soroa, Julen Larrea III.a, Txomin Amundarain eta Oier Kañamares IV.a lehiatuko dira. Aizkolari hauekin batera, 2021eko kopako hiru lehenbizikoak (Hodei Ezpeleta, Basozabal eta Gabirondo) eta 2022ko ligako hiru lehenak (Iker Vicente, Txikia IV.a eta Mikel Larrañaga) lehiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun