Noiz hasi zinen Elizondoko Eskolan lanean?
2018an etorri nintzen eskolara oposizioetako praktikaldia egitera, eta aitzineko ikasturtean bueltatu nintzen berriz lanera, bi ikasturteko epea duen zerbitzu eginkizuna betetzera. Zerbitzu eginkizun hau Hezigarri programari loturikoa da.
Zer da Kukuline proiektua?
Kukuline proiektua eskolako kanpo espazioa eraldatzen ari den proiektua da. Aspektu ugari lotzen ditu espazioen eraldaketa bilatzearekin batera: haurren parte hartze eta inplikazioa, funtzio hezitzailea, herriari lotzea, auzolana, espazioen birnaturalizatzea, partaidetza, inklusioa, euskara eta euskal kulturari presentzia eskaintzea...
Nola sortu zen proiektua abiatzeko ideia?
Ikastetxea Hezigarri izeneko programa baten baitan murgildu zen, hezkuntza inklusioa eta eskola arrakasta sustatzeko helburuarekin. Honi loturik, egiten ditugun hainbat ekintzen barne Tertulia dialogikoak ditugu. Klaustro mailako irakurketa hauetako batean kanpo espazioen funtzio hezitzailearen inguruko testu bat leitu genuen. Gerora, 2019 urtean, Txusma Azkonarekin kanpo-espazioen eraldaketaren inguruko formakuntza hartu genuen, eta haurrak eta familiak prozesuan inplikatuz, abian jarri genuen proiektua. Honez gain, Tonucci, Heike Freire eta Malaguzzi bezalako autoreek inspiratu gaituzte prozesu guzti honetan.
Kanpo espazioaren eraldaketa aipatu duzu. Nola daude egituratuak gaur egun eskoletako patioak?
Helduaren begiradatik egituratuak daude, naturari espazioa ia eskaini gabe eta joko mota konkretu batean soilik aritzen den ikaslea erdigunean kokatuz.
Nola alda daiteke hau?
Begiradak aldatuz eta haurra erdigunean kokatuz. Haurrak entzun behar ditugu, beraiengandik ikasi eta fokua beraien beharretan kokatu.
Nolakoa izan da proiektuaren garapena?
Txusma Azkonarekin aipatutako prestakuntza egin ondotik, ikasleak material desegituratuarekin jolasean jarri genituen, eta diagnosi ttiki bat egin genuen jolasa aztertu ondotik. Honetaz gain, beraien ametsetako patioa marrazteko eskatu genien. Hori guztia aztertuta, patioaren diseinuarekin hasi ginen. Fase hau helduon artean egin dugu.
Zergatik paratu diozue Kukuline izena?
Proiektuari abiapuntua edo hasiera eskolako oilategiak eman ziolako. Garai haietan eszedentzian nengoen nire bigarren alaba sortu zelako, baina burua ez nuen geldirik. Halako batean, oilategi bat martxan paratzea bururatu zitzaidan, eta Josunerekin, eskolako zuzendariarekin, jarri nintzen kontaktuan. Une horretan, ikasleen beharrak aztertuak zituzten eta txitategi bat atera zela aipatu zidan. Beraz, jada ez genuen aitzakiarik! Proiektutxo bat egin nuen eta udaletxean aurkeztu nuen, baiezkoa eman ziguten eta materiala erosteko dirua eman ziguten. Oilategia nire bikotekideak eta bere aitak egin zuten eta gainerako guztia auzolan ttiki bati esker eraman genuen aitzinera. Haurrak presente egon ziren, nola ez. Eta zer dute oiloek buru gainean? Gandorra, Baztanen kukuline. Hortik etorri zen taldearen izena!
Nortzuk osatzen duzue Kukuline taldea?
Eskola mailako batzordea da Kukuline. Eskola barneko taldea da eta irakasleez gain, familiek ere parte hartzen dute. Izan ere, eskola komunitate moduan jardutea ikastetxe mailako irizpidea dugu. Kukulinen, beraz, ikastetxeko zuzendariak, irakasle batzuek eta familia batzuek parte hartzen dugu. Dena den, proiektu hau ez litzateke aitzinera aterako hainbertze lagundu diguten eta parte hartu duten familia horiek guztiak gabe. Oilategiaren zaintza lanetan, baratzearen zaintza lanetan, auzolanetan, antolatu ditugun postu eta txosnetan… gogotsu eta ilusioz parte hartu dute. Beraz, Kukuline beraiek ere osatzen dute eta hemendik bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu.
Beraz, auzolana garrantzitsua izan da proiektua aitzinera eramateko?
Garrantzitsua baino gehiago, ezinbertzekoa! Auzolanik gabe ezinezkoa litzateke hau guztia. Gainera, Hezkuntza Komunitate moduan jarduteko aukera eman digu, bertze eragileekin, familiekin, hainbat talderekin… lanean arituz. Adibidez, Lanbide Eskolakoek proiektua aitzinera ateratzen lagundu digute. Elkarlana izan dugu ardatz. Haurrak aipatzea ere beharrezkoa dut, izugarrizko lanak egin dituzte auzolanetan eta ikastorduetan! Aupa zuek!
Inklusioa da proiektuaren ardatzetako bat. Nola laguntzen du haurren integrazioan?
Azken urteotan eskolan matrikulatutako ikasleen artean etorkin kopuruak nabarmen egin du goiti, eta hau geure herriaren eta geure ikastetxearen errealitatea da. Errealitate honi, beraz, erantzuna eman behar diogu, aniztasuna positiboki baloratuz eta inklusioa bultzatuz. Inklusioak aspektu ugari biltzen ditu, eta patioaren eraldaketak honen alde egin duela erranen nuke, ikasle guztiak eta hauetako bakoitza kontuan hartzen saiatu bakara.
Familien inklusioan ere lagundu du?
Bai, parte hartzea eta presentzia eskainiz integratu nahi izan ditugu familiak geure ikastetxean, herriaren eta geurea den euskal kulturaren barne; pixkanaka ikusaraziz eta geure kultura eta hizkuntzaren ateak zabalduz, bertan eroso senti daitezen. Auzolanak, adibidez, honetan lagundu digu, familia konkretu batzuk zuzenean gonbidatu baititugu parte har dezaten. Eta emaitza politak ikusi ditugu. Honetaz gain, herri mailan antolatu ditugun ekintzetan parte hartu duten aldiro, beraien presentzia bermatu dugu, herrian txertatuz eta haurren alde lan eginez.
Baratzea eta oilategia zaintzeak erantzukizuna lantzeko ere balioko dizue, ez?
Dudarik gabe, honek guztiak gaur egungo gizartean eskas topa ditzakegun balore anitzen alde egiten du, hala nola: jasangarritasuna, lurraren lanketa, Baztango ohituren errotzea, lana, animalia eta landareen zaintza, erantzukizuna eta errespetua…
Nola antolatu duzue zainketa hau?
Baratzea eta oilategia Hezkuntza Proiektuan ditugu txertaturik. Oilategiaren zaintzaren ardura txandaka dugu banatuta eta gela bakoitzak aste batez hartzen du. Baratzea berriz, beharren arabera antolatzen dugu. Eta jaiegunetan eta oporraldi garaian familiek hartzen dute ardura hori. Gainera, laster negutegi bat paratuko dugu Nafarroako Gobernuan aurkeztu genuen berrikuntza proiektu bati esker. Honekin ere ildo bera segituko dugu.
Eta nolakoa izan da ikasleen erantzuna?
Izugarri polita. Auzolanean ikaragarria da nolako lana egin duten ikustea, bakoitzak bere gaitasunen arabera. Batzuk margo lanak egiten dituzte, bertzeek indarra eskatzen dutenak, bertze batzuk eraikuntza edo muntaia lanak… hainbat lan egin dituzte eta honek guztiak zaintza eta ardura kontzientzia dakar. Honez gain, eskola barnean ere, zaintzak egiterako orduan, ikasle batzuk bereziki lanean eta gozatzen ikusten ditugu. Joan den ikasturtean bortz urteko ikasleen tutore izan nintzen eta ikasturte osoko proiektua oilategiari lotuta egin genuen; oiloak ekartzetik bisita gidatuak martxan paratzeraino. Izugarri polita izan zen eta aunitz gozatu nuen.
Aurten enbor zirkuituak eraiki dituzue patioan. Zergatik?
Preziski espazioak birnaturalizatzeko bidea ere egin nahi dugulako, eta alderdi motorraren aldetik erronkak bilatzen dituzten ikasle aunitz ditugulako, bertzeak bertze. Espazio hau brearen eremuan jarri dugu itxitura batean enbor zabalak bilduz, naturari presentzia emanez.
Proiektua finantzatu ahal izateko diru iturriak bilatzen aritu zarete, ezta?
Bai, hemendik eta handik. Baztango Udalak 25.000 euroko dirulaguntza eskaini digu aurtengo ikasturterako, adibidez. Kontuan hartu behar da enbor zirkuituak 28.000€ko gastua ekarri digula. Gainerakoa mota guzietako ekintzen bidez biltzen saiatu gara: Berrikuntza Proiektuetara aurkeztuz, jasangarritasunari lotutako dirulaguntza ttikiak eskatuz, zozketarako txartelak salduz, ferietan postua paratuz, Behi Piriniotarraren Lehiaketa egunean txosna paratuz…
Arrakasta izan duela erranen zenuke?
Bai, dudarik gabe. Emaitzak ikusi ditugu, bereziki haurrengan, eta hau da guretako garrantzitsuena, haurrendako eta haurrengatik egiten baitugu. Bisitak izan ditugu, proiektua ezagutzeko eta baita geure proiektuaz aholkatzeko edo lan egiteko ere. Hala nola, hondakinei lotutako adituak etorri zaizkigu (Miren Meoki adibidez), oilategikoak, baratzekoak, zume egiterako orduan Garaion Sorginguneko kideak etorri zitzaizkigun… Arrakasta baina indar gehiago baitu guretako bidean ikasten ari garen guziak!
Proiektua hainbat lekutan aurkezten ibili zarete. Azalduko zenuke?
Bai, proiektua aurkeztu izan dugu, adibidez, Oinherriko jardunaldietan. Eta gure proiektua ezagutzera ere etorri izan dira. Seinale ona izanen delakoan nago!
Zein dira zure asmoak etorkizunera begira?
Ahal dudan bitartean, proiektuarekin segitzea eta bizirik mantentzea da nire asmoa. Apustu egin dugun honen guztiaren alde lanean segituko dugu finkatu ditugun helburuak betetzeko. Badakit denak duela iraungitze data eta zaila dela hor mantentzea, baina nik ahal dudan guzia eginen dut hala segitzeko. Haurrei begira, haurrendako eta haurrengatik egindako proiektua da. Ez dakit ikastetxean segituko dudan baina proiektuarekin, dudarik gabe, segituko dut.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Ilusio haundiz egiten dugula hau guztia, geure bihotzaren puska bat eskaintzen baitiogu. Nire kasuan irakasle eta ama bezala. Proiektua herriko haur guziendako eta nire alabentzako opari ttiki bat dela erranen nuke. Eta nola ez, ezagutzera eta gozatzera gonbidatuak zaudete!