Joan den ortzeguneko udalbatzan onartu zen hitzarmenean, Baztango Udalak 4.200 euroko dirulaguntza emanen dio Baztango Musikazale Elkarteari Zapatillera proiektuaren bideragarritasuna eta funtzio publikoa bermatzeko. Diru horrekin, «aspaldiko urteetako Baztango musikazaleen eskariari» erantzun nahi diote, «entseatzeko tokiaren falta ageriko gabezia baitzen».
Dirulaguntzarekin «tokiaren alokairua ordaintzen laguntzeaz gain, tokia intsonorizatu ahalko dutela» adierazi du udalak. Gainera, proiektuaren izaera publikoa bermatzeko, bazkidetzarako kuota hilabeteko 15 euro baino handiagokoa ez dela izanen gehitu dute, «eta bazkidetu ez diren musikariek ere erabilera puntuala egiten ahalko dute».
Hitzarmena urte batekoa izanen da, eta urtero berritu daitekeela jakinarazi dute. «Ondoko urteetan berrituz gero, 2023an soinu ekipoa eskuratzeko izanen litzateke eta 2024an grabaketa amateurreko estudioa edukitzeko».
Baztango Musikazale Elkartea irabazi asmorik gabeko taldea da, bailarako hainbat musikari biltzen dituena. Gaur egun, folklorean eta musika klasikoan dabiltzanak kontuan hartu gabe, zazpi musika talde eta hainbat bakarlari daude Baztanen. Elkartearen helburua musikaren eta bertze adierazpen artistikoen garapena bultzatzea da, baita musikariek proiektuak sortzeko espazio fisiko bat edukitzea ere. Horregatik, Zapatillera proiektua abiatu zuten joan den urtean Elbeten.
Inaugurazio besta
Proiektuan urte osoan lanean aritu ondotik, inaugurazio besta eginen dute azaroan, eta hainbat kontzertu prestatu dituzte:
- Azaroaren 5ean, larunbata, 18:00etan hasita, Pottoka, Occhi di Farfalla eta Zakill musikarien kontzertuak izanen dira. Sarrera debalde izanen da eta musikaz gain, mural pintatuko dute eta pintxoak ere izanen dira gerturatzen direnendako.
- Azaroaren 20an, igandea, Mice eta Rüdiger taldeen kontzertuak izanen dira, 18:00etan baita ere. Sarrerak 5 eurotan erosten ahalko dira eta norberak bere edalontzia eramateko eskatu dute.