Sare sozialetan emakumeen kontra ematen diren erasoen harira Baztango eragile feministen irakurketa

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 3a, 09:30

Baztango Iñarrosi taldeak, Talde Feministak eta Udaleko Berdintasun Zerbitzuak hurrengo idatzia egin dute sare sozialetan ematen diren eraso sexisten harira:

Duela aste batzuk Baztango emakume batek sare sozial baten bidez eraso sexista bat jasan zuela jakinarazi zion Udaleko Berdintasun zerbitzuari, eta hortik, mugimendu feministari. Iñarrosik, Talde Feministak eta Berdintasun Zerbitzuek osatzen duten indarkeria matxistari erantzun soziala emateko mahaian egoera aztertzean, agerian gelditu da ez dela kasu isolatu bat, behin baino gehiagotan eman dena baizik. Gertakari hauen aitzinean, ziber­-indarkeriari buruzko irakurketa bat egitea beharrezkoa dela ikusi dugu.

Sarea zerbait abstraktua dela pentsatu izan da, bizitza errealarekin talka egiten duena. Guk, aldiz, biolentziaz beterik dagoen plaza bezala ulertzen dugu. Bizitza errealean ematen diren biolentziak ez dira sareetatik kanpo gelditzen, barneraino sartu eta biderkatu egiten dira; sareak gizartearen isla bat gehiago direlako.

Youtube, Instagram edo Tik Tok bezalako sareetan aspalditik ikusi dugu estereotipo eta genero rolen indartze bat. Hau, sistema zis heteropatriarkalaren kontraeraso bezala uler dezakegu, gizarteko zapalkuntzak bere horretan segitu dezan. Gizartea eta hortaz, gure harremanak geroz eta gehiago teknologizatzen joan diren heinean, Internet bidez jasaten ditugun erasoak biderkatu egin dira. Eraso horien biktima nagusiak emakumeak eta LGTBI+ kolektiboko jendea izaten gara, eta bereziki, neska gazteak. Biolentzia horrek ez du forma bat eta bakarra hartzen. Baimenik gabe izaera sexualeko irudiak jasotzetik hasi, eta etengabe mezuekin bonbardeatuz jazartzeraino edo gure irudi intimoen difusioraino ailegatu daiteke; bertze mila adibiderekin batera.

Erasotzaile izaten diren mutilak pantailaren gibelean gordetzen eta babesten dira, baita aunitzetan sareak eskaintzen duen anonimotasunean ere. Erasotzailea ezaguna izan daiteke, edo ezezaguna, baina beti ere gizona eta pribilegioduna. Horretaz gain, Interneten ematen diren eraso aunitz bertan gelditu ohi dira, eta espazioaren nolakotasunagatik horien salaketa zaildu egiten zaigu. Bizitza errealetik kanpo dagoen espazio bezala ulertzen dugunez, hau bustitzen ez duela iruditzen zaigu. Baina gu gara biolentzia gorpuzten dugunak, gugan materializatzen dira erasoak, eta guk pairatzen ditugu horien ondorioak.

Indarkeria sexistak emakume guztiei eragiten digu; adina, posizio sozioekonomikoa edota nazionalitatea dena delakoa izanik ere. Edozein gunetan errealitate bat da, baita Interneten ere. Emakumeon kontrako indarkeria mota eta forma guztiak detektatzea, ikusaraztea eta baztertzea premiazko eginbeharra da.

Egoera honen aitzinean berriz erran behar dugu ez dugula onartuko emakumeen eta LGTBI+ kolektiboen kontrako inolako indarkeriarik ez sarearen barnean, ez kanpoan; eta guzti horiei modu kolektiboan erantzungo diegula. Indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat lortu arte borrokan segituko dugu.

Gora borroka feminista!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun