2021eko abenduan izandako uberroek hainbat kalte sortu zituzten Baztanen eta inguruetan. Hauek konpontzeko 177.967,92 euroko inbertsioa aurreikusi zuen udalak, eta Estatuak 85.932,78 euroko dirulaguntza eman duela jakin ondotik, gainerakoa bere gain hartzeko 92.035,14 euroko aurrekontu moldaketa onartu zuen udalak joan den ortzegunean egindako bilkuran.
Hiru aurrekontu moldaketa onartu dituzte zehazki:
- Erratzuko herrigunean errekaren bazterrean hautsi zen Krainer pareta konpontzeko 8.454,67 euroko aurrekontua, Estatuak eta udalak erdibana ordainduko dutena. Harrizko lubeta eginen dute hormigoiarekin.
- Amaiurko herrian hormigoizko bi hodi eta karrika baten zola konpontzeko 19.946,44 euroko aurrekontua, Estatuak eta udalak erdibana ordainduko dutena. Hodietako bat konpontzeko hormigoi armatuzko hodia paratuko dute, 60 zentimetroko diametroarekin eta 7,20 metroko luzerarekin. Bertzearen tokian 80 zentimetroko diametroko eta 36 metroko luzerako hodia paratuko dute. Karrikako bidea trinkotutako zabor artifizialekin moldatuko da.
- Bideak eta nekazaritzako azpiegiturak konpontzeko 149.566,84 euroko aurrekontua onartu da. Estatuak 71.732,26 euro ordainduko ditu eta udalak 77.834,58 euro. Horrekin hurrengo bideak konponduko dituzte: Etxebertzeko borda, Arakan, Urballo, Autrin, Ubedo, Xorroxin, Onbolarte, Sarabio, Zokoa, Uzketa, Gamioko borda, Urruska, Soalar eta Indarteko borda. Kaltetutako bideetan zolak hondatu ziren, ezpondak beheiti etorri ziren eta lurmendiak izan ziren, eta hori konpontzeko tokiaren arabera zolak moldatuko dituzte, harrizko lubetak eginen dituzte…