Ortzegunean egin zen osoko bilkuran Baztango Udalak zolaren zatia ordaindu ahal izateko aurrekontu moldaketa onartu zuen EHBildu, Ezkerra eta Geroa Bairen aldeko bozkekin. Navarra Sumak abstentziorat jo zuen.
Zolaren zatia 170.000 eurotan erosiko du Baztango Udalak, BEZ aparte. Nasuvinsako teknikariek zolaren gehienezko prezioa 252,891,82 euroan finkatua zuten, BEZ aparte.
Eraikina Nasuvinsak erosiko du, 260.000 euroan, BEZ aparte. Ondotik, eraikina barnetik akitu eta hamar bizitegiak eskuratzeko 1.262.926,82 euroko inbertsioa eginen du.
Zolaren zatia erosirik, Nasuvinsari hitzarmen bidez urririk utziko dio udalak, jabetza indibiso gisa.
Hitzarmena aitzinatua dute bi erakundeek eta ondoko osoko bilkuran udalbaltzatik pasatuko da. Horren ondotik tramite administratiboak segituko du. Erosketa egin ahal izan artio.
Baztango Udalak interes bizia du alokairuan emateko babes ofizialeko etxeak izateko Baztanen eta Nasuvinsa elkarte publikoak ere bai. Modu horretan, administrazio publikoak oinarrizko eskubide soziala bermatzeko aitzindaritza hartzen du, herritar guztiei bizitegia bermatzeko eginahalean.
Baztango Udalaren erranetan, bereziki aipagarria da akitu gabeko eraikina berrerabiliko dela, dagoeneko dagoena aprobetxatuz, nekazaritzako lurrik ukitu gabe. Kontuan hartuta Baztanen 800 etxetik goiti daudela, horrek behar du izan lehentasunezko bidea udalaren ustez.