Erdizko meategiaren proiektuaz

Erdizi buruzko azaroaren 20ko galdeketan parte hartzeko deia egin du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 31a, 13:00

Baztango alkateek azaroaren 20rako egindako galdeketan parte hartzera deitu du Baztango udalak.

Urriaren 27an egin zen osoko bilkuran, Baztango herrietako alkateek azaroaren 20an Erdizi buruz eginen duten galdeketari atxekimendua ematea onartu zuen udalbatzak. Mozio berdinean Nafarroako Gobernuari galdeketaren emaitza errespetatzeko eskatu zioten eta, azkenik, baztandarrak, nor bere herrian bozkatzera animatzeko erabakia hartu zuen udalak.

Erabakiak EHBilduren eta Ezkerraren aldeko zortzi bozka izan zituen. Navarra Sumako hiruek aurka bozkatu zuten eta Geroa Baiko biak abstenitu ziren.

Mozioan aipatzen da Baztango Batzar Nagusiak eta Baztango Udalak Erdizeko meategiari buruz baztandarrei galde egiteko nahia behin eta berriz agertu dutela, akordio desberdinen bidez. Akordio horietan oinarriturik bi ekimen administratibo abiatu zituzten; lehena Toki Esparruko Herri Galdeketak arautzen dituen Foru Legearen arabera, eta bigarrena, parte hartze eskubidean oinarriturik, galdeketa ez-errefrendarioaren arabera.

Bi kasuetan, dela Espainiako Ministroen Kontseiluaren erabakiarengatik, dela Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariarenagatik, galdeketak ez dira baimendu edo bertan behera utzi behar izan direla oroitarazten du mozioak.

Halaber, onartutako akordioak dio Baztango Batzar Nagusiak eta Baztango Udalak behin eta berriz erran dutela Erdiz baztandar guztien ondasuna dela eta, horregatik, baztandarrek horri buruz erabaki behar dutela. Lehenik eztabaidatuz eta ondotik bozkatuz.

Modu berean, Baztango Batzar Nagusiak eta Baztango Udalak, behin eta berriz tokiko autonomia eta tokiko erakundeen ahalmenak errespetatzea eskatu dutela oroitarazten dute idatzian, eta Erdizeko proiektua Udalez Gaindiko Eragina duen Plana bezala ez tramitatzeko era eskatu dutela.

Horiek guztiengatik herrietako alkateek deitutako galdeketari babesa eman nahi dio Baztango Udalak eta herritarrak parte hartzera animatzen ditu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun