15 bat harri mota erabiltzen dituzte normalean, bertzeak bertze, Markinako harri beltza, cuco harria, Pitillasko harria, cenia harria, Moncayoko krema koloreko harria edo Labianoko harri grisa. Baina «gehien erabiltzen duguna Baztango harri gorria da, eraikuntzarako arras erabilia; fatxadetarako, urbanizazioetarako, kanposantuetarako…».
Eraikuntzaz gain, tailla lanak ere egiten dituzte; «armarriak, grabatuak, etxeen izenak…». Horretarako, «lehenik harria mozten dugu, gero marrazkia egiten diogu eta gero zizelarekin lantzen dugu».
Hilerrietarako lanak ere egiten dituzte, «hilarriak, gurutzeak, plakak, panteoiak… denetik». Horretarako ere, «Baztango harri gorria da erabiliena, baita Iparraldeko harri horia eta marmola ere». Lekuaren arabera jendeak eskatzen duena aldatu egiten da; «hemen ez da hainbertze lantzen baina Iparraldean gehiago eskatzen dizkigute kanposantuko lanak».
Iparraldeko herri batzuk «arau zorrotzak dituzte eta elementu konkretu batzuk paratu behar dituzte kanposantuetan; dena arras txukuna, harriarekin eginda, hilarri batekin, gurutzearekin, granito gehiegi sartu gabe…». Baina hemen inguruan badadaude bertzelako lanak eskatzen dituzten bezeroak ere, harrian marrazki pertsonalizatuak egin nahi dituztenak, adibidez. «Hildakoa artzaina bazen artzain baten marrazkia egiten dugu, zurgina bazen zurgin baten irudia… aunitzetan lurperatua izan den pertsonaren lanbidea irudikatu nahi izaten du familiak».
Gure hildakoei azken agurra emateko modu ederra dira hilarriak, denbora luzez iraunen duelako taillak, urte luzez oroituak izanen direnaren berme.