Fakturak garestitzearen kontrako elkarretaratze deialdia egin du Baztango Talde Ekosozialak

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 27a, 13:00

Azaroaren 9an Elizondoko plazan elkartuko dira 19:30ean, Fakturak garestitzearen kontra. Iberdrola eta energetikak publifikatu lemapean

Baztango Talde Ekosozialak fakturen garestitzearen kontrako elkarretaratzea antolatu du azaroaren 9an Elizondoko plazan 19:30ean. Adierazi dutenez, «hilabete hondarrera ailegatzeak gero eta kezka gehiago sortzen du herritar aunitzen artean. Fakturak hilabetetik hilabetera igaten ari dira, baina soldatak eta pentsioak ez dira modu berean igaten. Aldi berean enpresa handienak aldiro gero eta gehiago irabazten ari dira: Iberdrola, adibidez, bere akziodunen artean etekinak gozo-gozo banatuz».

90. hamarkadan «sektore estrategiko guztiak pribatizatu zituztela» salatu dute; «gasa, elektrizitatea… Eta gainerako zernahi gauza ere bai». Horrela, «herritar arruntak oligopolio handien morrontzarat kondenatu zituzten. Bitartean, pribatizazio horiek onartu zituzten alderdietako ordezkariak ate birakariak erabiliz administrazio kontseilu horietan sartzen ziren».

«Egia osoa errate aldera, herritarrek bozkaturik erdietsi zituzten beren jarlekuak politikari horiek. Neoliberalismoaren logika kulturalak herritar aunitzen muinak beratu zituen. Eta horrela gure barrideak bigarren etxebizitza erosi zuen, eta hori alokairuan emanez finantzatzea erabaki zuen, guttiago zuen jendearen kontura. Eta orain, horietako batzuk, ez dute inongo kezkarik alokairu sariak ere igateko, guttiago duten herritarren kontura, berriz ere».

Neoliberalismoa eta kapitalismoa mugiarazten dituena «irabazi ahalik gehien pilatzea dela» adierazi dute, «bizitzako eremu guztiak merkantilizatuz eta pribatizatuz. Horregatik, lehendabiziko aldarrikapena, sektore estrategiko guztiak publifikatzea da. Energia eta gainerako sektoreak ez dira herritarren kontura negozioa egiteko erabiltzen ahal».

Argi eta garbi erran dute: «Iberdrola eta gainerakoak publifikatu behar dira, dagoeneko Europako estatu batzuetan egiten ari diren bezala. Guttiago duten herritarren kontura etxeen alokairuarekin negozioa egitea ere ez da onartzen ahal. Alokairuak igateari aski erran behar zaio».

Baina «guzti horrekin ez da aski izanen. Agortze aldian sartu gara; petrolioa, gasa, mineralak… gero eta guttiago izanen diren aldia da gurea. Hortaz, publifikatzea beharrezkoa da, baina jakin behar dugu gure antolamendu sozial eta ekonomikoa aldatu beharko dela. Bidezko bizimodua eskaini behar zaie herritar guztiei: etxea, lana, osasuna… Gehiegikerien aldia akitu da, gero eta gehiago kontsumitu, inguruko bazterrak xehatu eta lurra agortu. Ezinezkoa da horrela segitzea».

Agortze aldiaz gain, «klima aldaketaren aldia da gurea. Gure antolamendu sozial eta ekonomikoa lurraren mugetara moldatzeko urteak galdu ditugu eta orain tarrapataka egin beharko dugu. Aldiro hazi beharra duen sistema ekonomikoa gure galbidea da. Ez dugu berotegi efektua handitzen duten gasen isurketarekin segitzen ahal. Ondotik etorriko diren belaunaldien, seme-alaben geroa izorratuz».

Hortaz, «ordua da bizitzaren garestitzeari eta utzikeria klimatikoari oldartzeko. Sektore estrategikoak publifikatu, aberastasuna banatu eta lurraren mugen barnean ematen ahal den bizitza antolatu! Hori da aldarria».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun