Ortziralean jokatu zuten X. Mariano Izeta Bertso Sariketa, Baztango hainbat tokitan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatu dute sariketa, hamargarrena, Mariano Izeta bertsozale eta euskaltzale baztandarraren (Elizondo, 1915-2001) omenez. Guztira, Nafarroako 16 bertsolari gaztek hartu zuten parte sariketan, horietatik sei eskualdekoak: Patxi Castillo Graziarena (Bera), Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (Ituren), Urko Gartzia Aleman (Lekaroz), Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera), Eki Mateorena Zozaia (Leitza) eta Etxahun Azkarraga Fernandez (Etxalar)
Arratsaldean, bi kanporaketa jokatu zituzten, zortzina bertsolarirekin. Horietatik, seik lortu zuten arratsaldeko finalerako txartela, saio bakoitzeko lehen hirurek. Elizondoko Intza ostatuan jokatutako kanporaketan, hain justu, Sarai Robles, Bittori Elizalde eta Patxi Castillo izan ziren sailkatuak; Erratzuko Zubi-punta ostatuko saioan, aldiz, Ekhiñe Zapiain, Ekain Alegre eta Eki Mateorena.
Sei horiek jokatu dute finala, afalostean, Elizondoko Kortarixar jatetxean. 70 lagun ingururen aurrean jokatu da finala, Zigor Gartzia Zian gai-jartzaile zela. Bortz epaile aritu dira bertsolarien lana epaitzen: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Izaro Mitxelena, Joseba Beltza eta Julen Zelaieta. Horiek emandako puntuen arabera, Sarai Robles izendatu zuten txapeldun, 333,5 punturekin. Haren ondotik sailkatu ziren Ekhiñe Zapiain (320,5), Ekain Alegre (302), Patxi Castillo (297), Eki Mateorena (295) eta Bittori Elizalde (252).
Txapeldunaz gain, saioko bertso onenaren saria ere eman du epaimahaiak. Kasu honetan, Ekhiñe Zapiainentzat izan zen, zortziko handiko bigarren bertsoagatik. Bi sariak, txapela zein bertso onenarena, Juana Mari Izetak, Mariano Izeta zenaren alabak, banatu zituen.