Erdizko meategiaren proiektuaz

Baztango alkateek azaroaren 20an Erdizko proiektuari buruzko galdeketa egitea erabaki dute

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 24a, 09:00

Helburua «herritarren hitza aditzea dela» azpimarratu dute eta «alde nahiz kontra», iritzia ematera animatu dituzte baztandarrak. Almandoz izanen da parte hartuko ez duen herri bakarra.

Baztango Batzar Nagusiak Erdizko proiektuari buruzko herri galdeketa antolatu zuen atzoko egunarekin, baina Espainiako Gobernuak bertan behera uztera behartu zuen. Hortaz, Baztango alkateak, Almandozkoa ez bertze, Iruritan elkartu ziren atzo, «baztandarren lurrak eta hauen kudeaketa bertako herritarren esku dagoela» aldarrikatzeko.

Gobernuak Batzar Nagusiaren erabakia eta burujabetza «deuseztatu» dituela salatu dute; «nola da posible gure etxean, gure iritzia jakin gabe, erabakiak hartu ahal izatea? Geuk ere badugu zer erran».

Hortaz, alkateek iniziatiba hartzea erabaki dute eta «bailarako ordenantzez baliaturik, azaroaren 20an Baztango herri guztietan, Almandozen izan ezik, eginen diren galdeketetan parte hartzera» gonbidatu dituzte herritarrak. Galdera ondokoa izanen da: «Erdizko bazkaleku komunalean okupazioa Magnari baimentzearen alde zaude?».

Helburua «herritarren hitza aditzea dela» azpimarratu dute, «aukeratzeko eskubidea bermatzea gure betebeharra dela uste baitugu». Gainera, Nafarroako Gobernuari «UGEParen eskaerari erantzunik eman baino lehen, baztandarren iritzia entzun dezala» eskatu diote. Hortaz, «alde nahiz kontra, zuen iritzia ematera animatzen zaituztegu. Baztandarrek Baztan egiten dugulakoz. Baztan guztiok osatzen dugulakoz».

Herri bakoitzak egokien ikusten duen bezala antolatuko du galdeketa eta Almandoz izanen da parte hartuko ez duen herri bakarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun