Julen Urrutia Telletxea

«Aizkorarekin dudan helburua disfrutatzea da»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 22a, 09:00

Aitaren eta osabaren pausoak segituz, herri kiroletan aritzen da Julen Urrutia Telletxea arraioztarra, eta hainbat txapelketetan parte hartu du

Nola definituko zenuke zeure burua?

Lagunekin egotea eta kirola egitea gustuko duen gaztea naiz.

Zein dira zure zaletasunak?

Nire zaletasunak batez ere ehiza eta kirola egitea dira.

Zein kirol egiten dituzu?

Hainbat kirol egiten ditut: tenisa, errugbia, herri kirolak… azken urtean errugbian pixka bat aritu naiz eta gehienbat herri kirol munduan sartu naiz, aizkorarekin eta arpanarekin. Gehien gustatzen zaidana aizkora da.

Nondik heldu zaizu herri kirolekiko zaletasuna?

Familiari esker ezagutu dut kirolen mundua eta batez ere herri kirolak, bai aitak eta bai osabak erakutsita.

Noiz eta nola hasi zinen aizkorarekin?

Aita pentatloierako aizkorarekin hasi zen pixka bat eta ikusi nuenean nik ere probatu nahi izan nuen. Aunitz gustatu zitzaidan eta aitari eta Julen Kañamaresi esker segitu ahal izan dut.

Eta arpanarekin?

Baztango Rugby Taldean jokatu izan dut eta errugbikoek Nafarroako Kirol Jokoetako ekipo bat osatu genuen, herri kiroletan aritzeko. Bertan ni arpanarekin aritzen nintzen. Gainera, etxean ere aita eta osabak arituak dira eta horrek ere animatzen nau.

Txapelketetan parte hartzen duzu?

Bai, txapelketa bat baino gehiagotan parte hartu izan dut. Berriki arte Nafarroako Kirol Jokoetan hartu izan dut parte eta aurten, horrez gain, aizkoran hirugarren mailako txapelketan atera nitzen, baita kadeteetako arpana txapelketan ere.

Zenbatean behin eta zenbat denboraz entrenatzen zara?

Normalean astean bi edo hiru egunez entrenatzen naiz eta ordu erdiko edo ordubeteko saioak egiten ditut.

Herri kirolekin bete nahi duzun helbururik ba al duzu?

Aizkoran nire helburua disfrutatzen dudan bitartean aritzea da. Ametsa, berriz, egunetik egunera nire lanak hobetzea eta hemendik urte batzuetara pentatloian parte hartzea.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Herri kiroletan hobetzen segitzea.

Eta zein dira zure asmoak epe luzera?

Hobetzea eta kirolaz disfrutatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun