Elizondoko Gau Beltza komisioak Gau Beltza besta antolatuko du bigarren urtez urriaren 31n. Haur, gazte eta helduendako besta dela adierazi dute, eta arratsalde eta ilunabarrerako egitaraua prestatu dute.
Besta hasteko zahar etxean elkartuko dira 17:00etan eta aldez aurretik margotutako mural bat emanen diete. 17:30ean gorapeetan merendua izanen da hurbiltzen diren guziendako eta 18:00etan kalabazak apaintzeko tailerra eta aurpegi margoketa eginen dute. 19:00etan kalejira eginen dute plazaraino eta bertan ipuin kontalaria izanen dute, prestatutako abestiak kantatu eta dantzatuko dituzte, beldur erreketa eginen dute eta goxoki eta gaztaina jatea izanen da.
Etxeko trapu zaharrekin mozorratzera eta bestan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Prestaketa tailerrak
Bihar, berriz, prestaketa lanak eginen dituzte. Parte hartu nahi dutenek 17:30ean Baztango Liburutegi Publikoan dute hitzordua, eta zahar etxera eramanen duten murala margotuko dute bertan. 3 urtetik goitiko haur guztiak animatu dituzte parte hartzera. Ondotik, besta egunean dantzatu eta kantatuko duten abestia entseatuko dute plazan 18:30etik 19:30era. Xanduli manduli eta Larrazkena kantak interpretatuko dituzte.