Adinekoen zaintzari buruzko Laguntza Etxerat proiektua aurkeztuko dute azaroaren 3an Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 18a, 18:00

Azaroaren 3an, ortzeguna, 19:00etan Arizkunenean izanen da mintzaldia

Baztango EH Bilduk adinekoen zaintzaren inguruko solasaldia antolatu du Elizondon eta bertan Hazparne eskualdeko Laguntza Etxerat proiektua aurkeztuko du Nicolas Blain-ek, ekimeneko lehendakariorde, Uztaritzeko auzapez-orde eta EHBaiko kide denak.

Udal taldeak adierazi duenez, «adineko jendeen nahia da etxeetan bizitzen segitu ahal izatea ahal den denbora guztian. Hori bera erakusten du Nafarroako Gobernuak 65 urtetik gorako pertsonei egin berri dien inkestak. Galdekatutako adinekoen %86k dio eguneroko bizitzako oinarrizko aribideetarako laguntzarik beharko balu, laguntza hori bere etxean hartu nahiko lukeela».

Baina etxean laguntza emateko zerbitzuak «franko mugatuak» dira Nafarroan, eta Baztanen horri «landa eremuaren berezitasuna gehitu behar zaio; baserri, auzo eta herri aunitz dituen bizi-eremua. Horrek bertze zailtasuna dakar».

Honi buruzko gogoeta egiteko, Hazparneko Laguntza Etxerat proiektua aurkeztuko dute. Zerbitzu honekin, «eskualdeko baserri, auzo eta herriek gure inguruetan ezagutzen ez den adinako zerbitzua hartzen dute, neurri handian etxeetan gelditzeko adinekoen nahiari erantzunez».

Mintzaldi honekin EH Bilduk segida emanen dio Baztani buruz egiten ari den gogoetari. «Azkeneko aldian Daniel Oltzomendi Euskal Hirigune Elkargoko Turismo Iraunkorreko kontseilaria eta EHBaiko kidea gonbidatu zuen turismoari buruz mintzatzera. Oraingoan adinekoen zaintzari buruz ariko dira eta luze gabe etxebizitzaz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun