X. Mariano Izeta Bertso Sariketa eginen dute urriaren 21ean Baztanen

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 18a, 08:00
Xabat Illarregi leitzarra izan zen azken Mariano Izeta sariketako irabazlea.

Ortzirale arratsaldean bi kanporaketa jokatuko dituzte aldi berean Erratzun eta Elizondon eta finala Kortarixar jatetxeko afalondoan eginen dute

16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako hamasei bertsolarik hartuko dute parte X. Mariano Izeta Bertso Sariketan. Urriaren 21ean, ortziralea, jokatuko da. Arratsaldean, aldibereko bi kanporaketa izanen dira Erratzun eta Elizondon, zortzina bertsolarirekin. Horietatik sei sailkatuko dira gaueko finalerako. Afalondoko saio gisara jokatuko da finala, Elizondoko Kortarixar jatetxean.

Lehenengo kanporaketa Elizondoko Intza ostatuan jokatuko dute 18:30ean eta bertan ariko dira kantuan Mikel Lasarte Cia (Barañain), Sarai Robles Vitas (Barañain), Patxi Castillo Graciarena (Bera), Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (Ituren), Urko Gartzia Aleman (Lekaroz), Ainara Ieregi Aranburu (Barañain), Peio Ardaiz Gale (Erronkari) eta Bittori Elizalde Soto (Iruñea). Gaiak jartzen Alaitz Rekondo Ferrero lesakarra ariko da.

Ordu berean, Erratzuko Zubi-Punta ostatuan, ondorengo bertsolariak ariko dira: Endika Legarra Nuin (Iruñea), Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera), Ekain Alegre Gil (Altsasu), Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Jabi Lezaun Landa (Iruñea), Etxahun Azkarraga Fernandez (Etxalar) eta Beñat Astiz Isasi (Barañain). Gai jartzen, berriz, Ander Aranburu Arriola ariko da.

Finala Kortarixar jatetxeko afalondoan

Finala Elizondoko Kortarixar jatetxean jokatuko dute. 21:00etan izanen da afaria, eta ondotik izanen da saioa. Zigor Gartzia Arregi Zian ariko da aurkezle lanetan, eta saio bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuek kantatuko dute.

2004. urtean antolatu zuten sariketa lehen aldiz, eta bi urtean behin jokatu da ordutik; tarte horretan, ondorengoak izan dira txapeldunak: Jon Barberena (Elizondo), Oier Lakuntza, Jon Elizetxe (Gartzain), Iñaki Aleman (Irurita), Aimar Karrika, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi (Leitza), Saats Karasatorre eta Xabat Illarregi (Leitza).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun