Euskaltzaindiak eta Bertsozale elkarteak, Mintzola egitasmoaren bidez, Ahots Baten sormen egonaldia antolatu dute Amaiurko aterpean urriaren 29tik azaroaren 1era. 15 eta 22 urte bitarteko gazteei dago zuzendua ekimena eta «antzerkiaz, bertsoaz, kantagintzaz eta literaturaz lagunartean gozatzeko» aukera izanen dute. Helburua «Euskal Herriko gazte sortzaileen harreman sareak egitea eta esperimentaziorako gunea eskaintzea» da.
Landuko dituzten alor artistikoetako sortzaileek ere parte hartuko dute egonaldian; Ainhoa Artetxe aktorea, Iñigo Astiz poeta eta Paxkal Irigoien eta Maia Iribarne-Olhagarai abeslariak bertan izanen dira. Gainera, urriaren 29an Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko saioa ikustera joanen dira Donibane Garazira eta Amaia Castorene gai-jartzailea izanen dute lagun.
Izen-ematea zabalik dago hilaren 20ra arte www.euskaltzaindia.eus webgunean, eta galdetegia bete beharko da horretarako. Partaideak hurrenkeraren arabera aukeratuko dituzte eta egonaldiaren prezioa 100 eurokoa izanen da.