Andrea Amorena Urteaga

«Telebistan lanean aunitz ikasten da hainbat gairi buruz»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 16a, 10:00

«Baztango 21 urteko neska arrunta» da Andrea Amorena, «beti ikasteko eta gauzak egiteko gogoarekin». Iruñean bizi da lanagatik, baina ahal duenetan etxera bueltatzen da «gurasoak, aitatxi eta amatxi eta betiko lagunak ikustera». Zinea du gustuko, «erne egoten naiz ikusgai dauden pelikulak ezagutzeko», eta zinema areto ttikiak nahiago ditu, «film komertzial handiez gain, bertzelako pelikulak ere jartzen dituztelako».

Afiziotik ofiziora

Batxilergoa akitzean goi mailako gradu bat egitea erabaki zuen, «beti aditu izan dut gustuko duzuna zure lanbide bihurtu behar duzula, eta zinea eta serieak gustatzen zaizkidanez, Ikus-entzunezko Proiektuen eta Ikuskizunen Errealizazioa ikasi nuen».

Ikasketak egiten ari zela Tafallako ekoiztetxe batean hasi zen lanean; «hasieran streaming bidezko futbol partiduak eta horrelakoak emititzen genituen eta gero Navarra TVko albistegia grabatzen hasi ginen». Urtebetez aritu zen lanean eta «esperientzia polita» izan zen, «goi mailak praktikoak badira ere, lanean esperientzia gehiago lortzen da. Egunero lan desberdinak egiten genituen eta hainbat gauza egiten ikasi dut; telebistarako albisteak nola egin eta grabatu, zein plano erabili, mikroarekin nola jarri…».

«Beti aditu dut gustuko duzuna lanbide bihurtu behar duzula»

Kamerarekin karrikara ateratzean «jendeak nola erreakzionatzen duen ikusten duzu. Aunitzetan zaila da jendeak galderei erantzutea kameraren aitzinean. Egunero albiste desberdinak genituen, batzuetan interesgarriagoak eta bertzeetan aspergarriagoak, baina horrek balioa ematen dio lanari, aunitz ikasten baita hainbat gairi buruz». 

«Lan guzietan bezala», ogibide honetan ere «jendeak ikusten ez duen kristoren lana dagoela gibeletik» dio Amorenak, «bi minutuko albiste bat egiteko goiz osoa behar duzu; albistea atera, kazetariarekin eta elkarrizketatuarekin gelditu, galderak prestatu, elkarrizketa eta bertzelako planoak grabatu… eta bulegora bueltatzean irudiak ordenagailura pasatu, editorean muntatu eta bidali behar dira, dena eguerdiko albistegirako».

Gaur egun EITBn egiten du lan, mantentze-lanetan; «zerbait hausten bada edo ez badabil, nik konpontzen dut, edo saiatu bederen: irratiko mahaiak, platoko fokuak, konexioak, Interneta…». Baina Amorena ez da ikus-entzunezkoen munduan bakarrik aritzen.

Agertokiaren gibelean

Klasean «lagun aunitz eta arras onak» egin zituen, «eta horietako bat, Jose, teknikari lanetan aritzen zen Teatro en la Chácena antzerki taldean. Teknikariak behar zituzten, eta lagun bat eta biok sartu ginen». Iruñeko gazteen antzerki talde amateurra da eta «hobby gisa» aritzen dira bertan, «baina urte dezente daramate antzerki munduan eta sariak irabazi izan ditugu».

Argi teknikari lanetan aritzen da; «antzezlanaren argi diseinua egiten dut, zein argi paratu, nola aldatu eszena bakoitzean, zein sentsazio eman behar duten, argi trantsizioak… aktoreak ikus daitezen behar den argiztapena eta atmosfera sortzen ditut. Hala ere, teknikariok elkarri laguntzen diogu, hasiberriak baikara».

«Lagunekin ikus-entzunezko proiektuak egin nahiko nituzke»

Argi diseinua egiteko, «emanaldia non izanen den jakitean raider izeneko orri bat ematen didate, antzokiko informazio teknikoarekin; zenbat foku dituen, nolakoak… horrekin nire ideia plano batera eramaten dut». Emanaldiaren egunean ere «lan aunitz» egin behar da, «goizean goiz joaten gara fokuak muntatzera, konexioak egitera eta 'memoriak' grabatzera. Eta gero emanaldiko lana dago».

20 lagun inguruk osatzen dute antzerki taldea, «baina kopurua aldatuz doa. Orain bi taldetan banatu gara bi antzezlan egiteko, baina teknikariak bietan aritzen gara». Haurrendako zein helduendako lanak aurkeztu izan dituzte; «orain haurrendako Otro cuento izeneko lanarekin ari gara eta Frantziako Iraultzaren inguruko 1789 izeneko antzezlanaren muntaian gaude».

Etorkizunera begira

Momentuz, «EITBn lanean segitzeko» asmoa du, «eta ahal dudan guzia ikasten segitu nahiko nuke, ikastaroak egiten edo nire kontu. Teknikari gisa ere gehiago ikasi nahi dut eta lagunekin ikus-entzuneko proiektu pertsonalak egitea gustatuko litzaidake».

Azkenik, jendea kultura kontsumitzera animatu du; «zinea, antzerkia, dantza… batez ere talde amateurrak. Profesionalendako zaila da batzuetan aretoa betetzea, eta amateurrendako oraindik zailago».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun