Usoa Urrutia Frias

«Zakur eta jabearen arteko harremana indartzen du agilityak»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 8a, 09:00

Zakurrak hezten eta entrenatzen egiten du lan Usoa Urrutia iruritarrak.

Animalien eta naturaren ongizatea bere bizimodu eta ogibide bihurtu duen iruritarra da Usoa Urrutia Frias. Zakurrak zaintzen, hezten eta entrenatzen egiten du lan eta beti dago prest erronka eta zailtasun berriei aurre egiteko. Agility txapelketetan parte hartzen du Xasta bere zakurrarekin eta hainbertze urtez entrenatu ondotik, urriaren 29tik 31ra Zaragozan jokatuko den Espainiako VIII. Agility Txapelketarako sailkatu da bikotea.

Nondik heldu zaizu zakurrekiko afizioa?

Ttikitatik animalia artean ibili naiz, etxean zakur ttiki bat izan genuen eta harekin erlazio arras ona izan nuen. Izebaren baserrian denbora aunitz pasatzen nuen animaliekin eta han hasi nintzen artzain zakurrekin lehenengo esperimentuak egiten 10 bat urte nituela, leitzen eta ikusten nuena praktikan jarriz. Artzain zakurrekin eta ardiekin lanean aritzen hasi nintzen 12-14 urterekin. Arras gustuko izan dut beti beraien jokaera aztertzea, eta horri esker sentsibilitate eta irakurmen onak lortu ditut gaur egun, animaliekin komunikazio eta erlazio bereziak sortuz.

Zenbat zakur dituzu?

Oraintxe bertan hiru zakur dauzkat etxean. Xasta 3 urte eta erdiko Euskal Artzain Zakur eta Border Collie nahasketa da, agilityko txapelketetan aritzen naiz berarekin eta nire lehendabiziko zakurra da aspektu guzietan. Lagun 7 urteko Setter bat da, eta familia berri bat aurkitzen diodan bitartean berarekin lanean ari naiz. Etxeko ttikiena Luma da, 6 hilabeteko ehiza zakurren nahasketa; berarekin orain hasi naiz agility eta obedientzia irakasten. Hirurak arras zakur biziak dira, lanerako eta edozein jardueretarako beti prest.

Zertan aritzen zara lanean?

Mutiloan dagoen Beloaran txakurren zentroan egiten dut lan. Bertan, eguneko egoitzan zaintzen ditut zakurrak, heziketa klaseak ematen ditut jarrera arazoak zuzentzeko eta hainbat kirol egiten ditugu, haien artean Kirol Detekzioa eta Agility. Agilityko monitorea ere banaiz.

Bertze lekuren batean aritu izan zara zakurrekin?

Bai, Begilun zakur eskolaren bidez Baztan, Bortziriak eta Malerreka aldean zakur batzuk hezten ere ibili naiz. Denboraldi bat geldirik egon bada ere, berriz ere martxan jartzea pentsatzen ari naiz, gure zonaldeko jendeari dituen arazoekin laguntzeko. Zakurrekin lanean bertze sektore batzuetan ere ibili naiz, Nafarroako Gobernuko zakurtegian, bertzeak bertze.

«Zakur bat ongi entrenatzeko gakoa pazientzia da»

Usoa URRUTIA FRIAS, zakur hezitzailea

Non ikasi duzu zakurrak hezten?

Duela ia 5 urte hasi nuen formakuntza. Haur Hezkuntzako goi mailako zikloa akitu nuenean, haurrak eta animaliak elkartzeko aukera baten bila ibili nintzen eta Biak Bat aurkitu nuen, zakurrekin terapiak egiten duen entitate nafarra. Terapietako teknikari gisa formakuntza jaso nuen eta bertan gaur egun nire nagusia eta irakaslea den Iosu ezagutu nuen. Mundu honetako ateak zabaldu zizkidan, baita bere lantaldeak ere. Zakur hezitzaile titulazioa non eskuratu gomendatu zidan, Lodosan dagoen zakurren zentrora bideratuz. Bertan ikasi nuen oinarrizko heziketarako beharrezkoa den guzia. Gainerako ikaskuntza guziak esperientziak eta lanak eman dizkidate, baita Iosurekin elkarlanean eta beregandik ikasten segitu dudan guziarekin. Nire zakur Xastarekin ere esperientzia handia hartu dut, hainbat esperimentu eta buruhauste ederrak izan baititut berarekin. Honez gain, albaitari laguntzaile formakuntzak egin nituen hezitzaile izan aitzinetik, eta gaur egun ikastaroak eta formakuntzak egiten jarraitzen dut; oraingoan zakur eta katuen osasun eta elikadura arloan espezializatzen ari naiz.

Zein da zakur bat ongi entrenatzeko gakoa?

Pazientzia izatea eta zakurraren beharrei eta erritmoari moldatzea. Zakur bakoitza ezberdina da, nahiz eta guziek antzeko patroi bat izan ikasteko orduan. Batzuek denbora gehiago behar dute, eta jabearen abilezia ere garrantzitsua da komunikazio horretan.

Zenbat zakurrekin egiten duzu lan?

Astero 50 bat zakurrekin egiten dugu lan zentroan, zerbitzu guzietako erabiltzaileak kontuan harturik.

Nola izan zenuen agility proben berri?

Lehendabizi Interneten bideoak ikusi nituen eta harrituta gelditu nintzen. Formakuntza saioetan lehenengo entrenamenduak ikusi nituen eta orduan sartu zitzaidan zakur bat prestatu eta agilityko txapelketetan aritzeko gogoa. 

Zertan datza kirol hau?

Oztopo-pista bat ahalik eta denbora gutienean eta ahalik eta akats gutienekin egitean datza. Saltoak, tunelak, balantzina, bi arrapala mota, zirrika eta 12 makil bertikalez osatutako eslaloma dira aurki ditzakegun oztopoak. Zakurraren altueraren arabera kategoria batean edo bertzean salto egiten da, 5 mailatan sailkatua; 20, 30, 40, 50 eta 60 zentimetrokoak. Zenbakiek erakusten digute nondik nora gidatu beharra dugun zakurra. Gidariok zazpi minutu izaten ditugu epaileak sortutako pista ikasteko eta gure plana egiteko: non kokatu, nondik gidatu, zein mugimendu egin… Ehiza Federazioan parte hartzen dugunok hiru kategoriatan har dezakegu parte: Iniciación oinarrizko maila izanen litzateke, zakurrak eta gidariak esperientzia har dezaten, Promoción delakoa lehenenbiziko maila izanen litzateke eta Competición, berriz, maila gorena. Kategoria bakoitzean bi pista egiten dira, pista bakoitzaren zailtasuna kategoriara egokituz.

Kategoria altuenera ailegatu eta Espainiako txapelketan parte hartuko dute Xastak eta Urrutiak.

Zakurraren eta jabearen arteko harremana lantzen laguntzen du?

Arras lagungarria da bien arteko harremana lantzeko. Zakurrarendako dibertigarria da, jolasa baita haiendako, eta jabearekin elkarlanean aritzea arras gustuko dute gehienek. Erronka berriei aurre egiteak ere aunitz laguntzen du elkarrekiko konfiantza indartzen.

Edozein zakurrek parte har dezake?

Ia edozein zakurrek egin dezake, beti moldatu baitaiteke haren beharretara. Zakurraren fisikoak baldintzatzen gaitu arraza batzuekin baina, orokorrean, guztiendako moldatu daiteke. Osasun arazoak baldin baditu pista edo ariketa motzagoak egin ditzake, adibidez, edo makilak lurrean daudela. Bakoitzaren beharretara egokitzen saiatzen naiz klaseetan: batzuk denbora pasa etortzen dira, bertze batzuk probetan parte hartzeko, haurrak familiako zakurrarekin ikastera ere etortzen dira… eta guzien gaitasun eta beharretara moldatu beharra dago.

Noiz hasi zineten txapelketetan parte hartzen?

Martxoan 2 urte eginen ditugu. Bizkaiko Indarkan taldeari esker hasi ginen probetan parte hartzen, momentu hartan Nafarroan ez baitzegoen talderik. Ordutik Ehizako Federazioko Ligan parte hartu dugu haiekin; Kantabrian, Asturiasen, Valladoliden eta Bizkaian. Hiru mailetatik pasatu gara, eta maila gorenera ailegatu gara.

«Pistan ematen dugunarekin kontent gelditzea dugu helburu»

Usoa URRUTIA FRIAS, zakur hezitzailea

Zenbatero entrenatzen zarete?

Lanak uzten didan neurrian, astero entrenamenduren bat egiten saiatzen naiz. Denboraldiaren arabera ere gehiago edo gutiago entrenatzen dugu: probak baldin baditugu gehiago entrenatzen saiatzen gara, gure akatsak lantzeko eta bertze alderdi batzuk sendotzeko. Bertzenaz, trankilago ibiltzen gara, trankiltasuna eta ongizate fisikoa ere garrantzitsuak baitira, kirolari guziendako bezala. 

Espainiako txapelketarako sailkatu zarete. Zer egin behar da sartzeko?

Bai, lehenbiziko aldiz sailkatu gara eta taldeko kategorian zein indibidualki arituko gara. Honetarako, lehenik Competición maila altuenera ailegatu behar da; txapelketa erregionalean sailkatuz, excelente puntuak lortuz (80 puntu) edo ligan puntuak lortuz. Ezinbertzekoa da probetan ahal duzun hoberen lan egitea, sailkapen bakoitzarekin puntuak lortzen ahal dituzulako.

Zein helburu duzu txapelketara begira?

Gure lana ahalik eta hobekien egitea eta pistan ematen dugunarekin kontent egotea. Bertara ailegatu izana sari ederra da dagoeneko eta esperientziaz disfrutatzearekin konformatzen naiz. Orain arteko lanaren azterketa finala izanen da, eta bertatik ikasten ahal dugun guzia ekarriko dugu etxera.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Jendea animatu nahi dut zakurrekin horrelako esperientziak bizitzera eta beraiekin denbora bertze arlotan partekatzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun