Erdizko meategiaren proiektuaz

Erdiz Bizirik plataformak eta Baztango hainbat eragilek urriaren 12ko manifestaziora deitu dute

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 7a, 09:00

Gobernuek Baztango Batzar Nagusiak antolatu duen herri galdeketa debekatu dutela eta «herritarrak ordezkatzeko zilegitasuna aspaldi galdu duen Nafarroako Parlamentuak inposizio hau berretsi duela» salatu dute

Erdiz Bizirik plataforma eta Baztango hainbat eragile atzo arratsaldean Elizondoko Iriarte pilotalekuan bildu ziren, urriaren 12an 17:00etan Elizondoko plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitzeko.

Prentsaurrekoan adierazi zutenez, «lurraren defentsan borrokatzeko prest gauden herritarrak gara. Arras barneratua dugu lurrarekin lotuak gaudela: lurretik jaten dugu, edaten dugu, lurrak bazkatzen ditu gure inguruko animaliak, lurrak marrazten ditu gure paisaiak. Magnesitas de Navarrak Erdizen eraiki nahi duen meategiak herri bezala bizirauteko behar ditugun baliabideak suntsituko lituzke, baztandar eta nafar guzien kalterako, eta ez dugu horrelakorik onartuko».

Honez gain, herri galdeketa alde batera uzteko Gobernuak hartutako erabakia gaitzetsi zuten: «multinazionalen mesedetara dauden Gobernuek, proiektu hau Foru Intereseko izendatu eta UGEPa bezala tramitatzeko bidea ireki dute, tokiko instituzioen gainetik pasatu nahian. Baztango Batzar Nagusiak antolatu duen herri galdeketa debekatu dute eta herritarrak ordezkatzeko zilegitasuna aspaldi galdu duen Nafarroako Parlamentuak inposizio hau berretsi du».

Honengatik, urriaren 12ko manifestaziora deitu dituzte «baztandar, nafar eta euskal herritar guziak. Urriaren 12an baztandarrak karrikara aterako gara eta azkeneko 500 urtetan egin dugun bezala, gure lurra, kultura eta bizimodua defendituko ditugu. Gure historia berridatzi nahi duten horiei oroitaraziko diegu Espainiako erreinua existitu baino lehen Erdizen ardiak, behorrak eta Baztango nekazariak zeudela, eta egonen direla Espainiako erreinua desagertu ondotik ere bai».

Eragile hauek adierazi diote atxikimendua agerraldiari:

  • Baztandarren Biltzarra
  • (H)ilbeltza
  • Milotxuri
  • Jo ala jo elkartea
  • BRT
  • Zapatillera
  • Talde Feminista
  • Baztango gazte asanblada
  • GKS
  • Baztango zaporeak
  • Bildu
  • Sortu
  • Ernai
  • Iñarrosi
  • Plazara dantzara
  • LAB
  • Talde ekosoziala
  • Ehne
  • Arrantza eta ehiza elkartea
  • Berroetako herria
  • Anizko herria
  • Zigako herria
  • Oronozko herria
  • Iruritako herria
  • Arraiozko herria
  • Lekarozko herria
  • Elizondoko herria
  • Gartzaingo herria
  • Arizkungo herria 
  • Erratzuko herria
  • Amaiurko herria
  • Azpilkuetako herria

Parlamentuan agerraldia

Honez gain, atzo Nafarroako Parlamentuan izan ziren plataformako hainbat kide. Ahotsa.info hedabideak adierazi zuenez, «PSNk harrobia defendatzeko mozio bat aurkeztu du, eta eztabaidatzen ari zenean oihuka hasi dira aktibistak eta plenoa bertan behera utzi dute».

Argazkiak: Ahotsa.info

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun