Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira jarduerak antolatu dituzte Baztanen

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 5a, 18:00
Irudia: Dani Blanco / Argia.

Ortziralean Garbiñe Larreak Sendabelarrek dakitena liburua aurkeztuko du Arizkunenean

Urriaren 15ean Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Horren harira, Nafarroako berdintasun teknikarien sareak hainbat ekitaldi antolatu ditu urrian, «landa-eremuko emakumeek eta neskek gizartean duten funtsezko zeregina nabarmentzeko» helburuarekin. Gainera, «landa-eremuko genero berdintasuna» jarri nahi dute agenda politikoaren erdigunean. Baztango Berdintasun Zerbitzuak ere bi jarduera prestatu ditu Elizondon:

  • Urriaren 7an, ortziralea, Garbiñe Larrea Iturraldek Sendabelarrek dakitena liburua aurkeztuko du, Arizkuneneko hitzaldi aretoan (3. solairuan) 18:00etan.
  • Urriaren 19an, asteazkena, Erroa eta geroa dokumentala proiektatuko dute Arizkuneneko hitzaldi aretoan 18:00etan.

Berdintasun teknikarien sareak adierazi duenez, «bizitzari eusteko eta beren herriak zaintzeko borrokatu diren emakume guztiak» hartu nahi dituzte gogoan, «askotan isilean lan egin dutenak eta gutxietsiak izan direnak». Emakume hauen lanak «funtzio sozial, ekonomiko eta politikoak» betetzen dituztela nabarmendu dute, «gure herrien bizitza hobetzen aritu baitira».

Gainera, «Nafarroako landa-munduan emakumeek dituzten behar zehatzei erantzunen dieten politika publikoak» martxan paratzearen garrantzia azpimarratu dute. «Hori lortzeko, berdintasuna, feminismoa eta genero-ikuspegia landa-garapeneko politika guztietan zeharka integratu beharko dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun