X. Mariano Izeta Bertso Sariketa jokatuko dute urriaren 21ean Elizondon eta Erratzun

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 5a, 20:00
Xabat Illarregi leitzarrak irabazi zuen azken Mariano Izeta sariketa.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatu dute sariketa eta eskualdeko sei bertsolari gazte ariko dira kantuan. 

16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako hamasei bertsolarik hartuko dute parte X. Mariano Izeta Bertso Sariketan. Urriaren 21ean, ostirala, jokatuko da. Arratsaldean, aldibereko bi kanporaketa izanen dira Erratzun eta Elizondon, zortzina bertsolarirekin. Horietatik sei sailkatuko dira gaueko finalerako. Afalondoko saio gisara jokatuko da finala, Elizondoko Kortarixar jatetxean. Finalerako sarrerak (afaria+saioa) www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, 16 eurotan. Hauek dira hitzorduak:

Lehenengo kanporaketa Elizondoko Intza tabernan jokatuko dute 18:30ean eta bertan ariko dira kantuan Mikel Lasarte Cia (Barañain), Sarai Robles Vitas (Barañain), Patxi Castillo Graciarena (Bera), Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (Ituren), Urko Gartzia Aleman (Lekaroz), Ainara Ieregi Aranburu (Barañain), Peio Ardaiz Gale (Erronkari) eta Bittori Elizalde Soto (Iruñea). Gaiak jartzen Alaitz Rekondo Ferrero lesakarra ariko da. 

Ordu berean, Erratzuko Zubi-Punta ostatuan, ondorengo bertsolariak ariko dira: Endika Legarra Nuin (Iruñea), Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera), Ekain Alegre Gil (Altsasu), Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Jabi Lezaun Landa (Iruñea), Etxahun Azkarraga Fernandez (Etxalar) eta Beñat Astiz Isasi (Barañain). Gai jartzen, aldiz, Ander Aranburu Arriola ariko da. 

Finala Elizondoko Kortarixar jatetxean jokatuko dute. 21:00etan izanen da afaria, eta ondotik izanen da saioa. Zigor Gartzia Arregi Zian ariko da aurkezle lanetan, eta saio bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuek kantatuko dute. 

Hamargarrenez, Izeta gogoan

Ohiko gisan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatu dute sariketa. Aurtengoa, hamargarrena izanen da. Biharamunean, gainera, Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoa jokatuko da Elizondon bertan.

2004. urtean antolatu zuten sariketa lehen aldiz, eta bi urtean behin jokatu da ordutik; tarte horretan, ondorengoak izan dira txapeldunak: Jon Barberena (Elizondo), Oier Lakuntza, Jon Elizetxe (Gartzain), Iñaki Aleman (Irurita), Aimar Karrika, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi (Leitza), Saats Karasatorre eta Xabat Illarregi (Leitza)

Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du bere izena daraman sariketak. Lanbidez erloju-konpontzailea zen Izeta, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, Nafar Izkuntzako kolaboratzaile, Euskaltzaindiko kide, Baztango hiztegien egile, mutil dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.

Bertsolaritza izan zen bere zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aitzinera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.

Izeta Sariketak Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada ematea du xede, plazak eskainiz, haien bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun