Erdizko meategiaren proiektuaz

Urriaren 23rako deitua zegoen Erdizi buruzko galdeketa alde batera utzi behar izan du Baztango Batzar Nagusiak

Fernando Anbustegi 2022ko urr. 4a, 09:00

Atzoko Batzar Nagusiak ikusmin handia sortu zuen eta Erdiz Bizirik plataformako 20 bat lagun hurbildu ziren, banderola eta pankartekin.

Baztango Batzar Nagusiak urriaren 23rako deitutako kontsulta ez erreferendarioa alde batera uztea erabaki zuen atzo egindako saioan. Erabakia, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariaren errekerimendu baten ondorioz heldu da. Izan ere, honek 7 egun baliodunen epean galdeketa deuseztatzea galdegin dio Baztango Batzar Nagusiari. Ondorioz, atzo Batzar Nagusia erabaki hori hartzera behartua suertatu zen eta aldeko 23 bozekin, kontrako 2rekin eta 3 abstentziorekin galdeketa alde batera uztea onartu zuten.

Apirilean Batzar Nagusiak Erdizen Magnak burutu nahi duen proiektuaren inguruko galdeketa egitea adostu zuen, baina Espainiako Ministroen kontseiluak ez zuen baimendu. Hortaz, galdeketa ez erreferendarioa egitea adostu zuen pasa den irailaren 15ean Batzar Nagusiak, baztandarren iritzia ezagutzeko. Urriaren 23rako deitu zuen galdeketa, baina orain Espainiako Gobernuak, Nafarroan duen ordezkariak helarazitako errekerimenduaren ondorioz, galdeketa hau ere alde batera uztea galdegin dio Batzar Nagusiari.

Atzoko saioan, Joseba Otondo Batzar Nagusiko lehendakariak hartu zuen hitza eta egoera zein den azaldua, galdeketa alde batera uztea bertzerik ez zegoela jakinarazi zuen. Honekin batera, gogor salatu zuen bai Espainiako Gobernua eta baita Nafarroako Gobernua ere behin eta berriz baztandarren hitza isilarazten saiatzen ari direla, Baztango lurren gaineko erabakiak bere honetako erakundeen gainetik hartzeko saiakeran.

Horrez gain, Navarra Suma ere honen erantzule egin zuen, behin eta berriz Baztango lurren eta baztandarren defentsan aritu beharrean, hauen kontra jardutea egotziz, galdeketaren kontra azalduz.

Otondok gaineratu zuen, orain ez dela galdeketa eginen, baina bilatuko dutela baztandarrei hitza emateko momentua eta modua. Horretarako inteligentzia kolektiboa aktibatu eta bere honetako herritarren hitza entzunaraztea lortuko dutela.

 

PSNri erantzuna

Bertzalde, Batzar Nagusiak atzo mozio bat onartu zuen, Nafarroako Gobernuari Erdizko Udalez Gaindiko Plana ez onartzeko eta Magnaren proiektua Foru Intereseko Inbertsio gisa ez onartzeko eskatuz. Era berean, PSNri eskatu diote parlamentuan aurkeztu duen mozioa erretiratzeko eta beharrezkoa ikusiz gero, Baztango erakundeetan erregistratzeko ere eskatu dio Batzar Nagusiak, eta azkenik, PSNri Baztango jabetzak eta tokiko autonomia errespetatzeko ere galdegin dio. Mozioak aldeko 24 boz izan zituen, kontrako bi eta bi abstentzio.

Mozio honek, Javier Lecumberri Urabayen parlamentariaren bidez, PSNek Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako mozio bat du oinarrian. Urriaren 6an eztabaidatu behar den mozioan PSNk Parlamentuari eskatzen dio Magnak Erdizen egin nahi duen meategi-proiektua Foru Intereseko Inbertsio gisa izendatzeko galde diezaiola Nafarroako Gobernuari.

Atzo Batzar Nagusiak onartutako mozioan aipatzen da Magnak Erdizen egin nahi duen meategi-proiektua Baztango lurrak hartzen dituela, bi udal barrutitan banatuak. Natura 2000 sarean dagoen Kontserbazio Bereziko Eremua da, eta Baztango herri-bazkalekurik handiena, tokiko baserri ekonomiaren sostengu.

Gainera, Erdizko meategi proiektua Udalez Gaindiko Eragina duen Plan gisa tramitatzeko eskaera egin du Magnak, lurren jabeak diren Baztango erakundeen ahalmenen gainetik pasatu nahirik. Baztango erakundeek behin eta berriz gaitzetsi duten bidea, bidenabar erranda.

Erdizko proiektua Foru Intereseko Inbertsio izendatzeak ikuspegi administratibotik, eta ingurumen eta ekonomia ikuspegitik konplexua den espediente baten tramite-epeak erdira murriztea dakarrela azaltzen da mozioan, konplexutasun horrek guztiak eskatzen duen trataera zorrotz eta sakonaren kaltetan. Horrelakoetan arintasunak arinkeria ekartzen du, eskaini beharreko bermeen kaltetan. Eta Erdizko lurren jabe gisa, Baztanek hori ez du onartzen ahal.

Era berean aipatzen da, aipagarria dela, bertzalde, ekimenaren bultzatzailea den Javier Lecumberri Cementos Porlandeko arduraduna izana dela, Foru Parlamentuko fitxan heldu den bezala. Horrek erakusten du interes talka dagoela ekimen honetan, ikusarazten baitu politikaren parte den lobby estraktibista dagoela; administrazioen arteko eskumenen banaketan oinarrituta, eztabaida eta erabaki hartze prozesu demokratikoak bultzatu beharrean, herriei eta tokiko komunitate eta erakundeei bizkarra emanez jokatzen duena.

Argi eta garbi erran behar omen da: interes taldeak eta parlamentuak gurutzatzen direlarik, demokrazia desagertzen da.

Aipatutako guztiaz aparte, gaineratzen du mozioak, Baztango lurrei buruz ari garenez, aipagarria da PSNk ez duela inongo ordezkaririk Baztanen, eta proposamen horrekin Baztango erakundeen eta herritarren gainetik pasatzen dela.

 

Erregerena

Atzoko landutako bertzelako puntuen artean nabarmendu behar da Batzar Nagusiak Eugiko Kontzejuaren proposamen bat landu zuela, Erregerena Mankomunitatearen inguruko iritzia emateko. Eugiko kontzejuak Baztango Udalaren eta kontzejuaren arteko muga jurisdikzionalak aldatzeari buruzko proposamena helarazi dio Baztango Udalari, eta honek, Batzar Nagusira gaia eramateko hautua hartu zuen, izan ere, Batzar Nagusiko lehendakariak, Joseba Otondok azaldu zuenez, erabakirik hartzekotan, Baztango Udalari dagokio eskumena, baina hamarkada luzetan Batzar Nagusian gai honi buruz izandako eztabaidak eta honek egindako lanaren aitortza gisa, begiruneagatik, Batzarrari bere iritzia galdegitea zuzena zela iritzita, hala egin zen.

Eugiko kontzejuak, mende bat baino gehiagoko kalapitarekin akitzea proposatzen du, izan ere, gaur egun Erregerenako Mankomunitatearen baitan dauden lurrak, zeinean Baztanek % 90eko parte hartzea duen eta Eugiko kontzejuak gainerako % 10, egoera konplexuan daude. Errate baterako, Baztango Udalaren jabetzakoak diren 576 hektarea Esteribarko lurretan daude. Eugiko kontzejuaren proposamenaren arabera, 576 hektarea horiek Baztanera itzuliko lirateke, eta Erregerenako mankomunitateko gainerako 940 hektareak Eugiko kontzejuaren jabetzara pasako lirateke. Era berean, Erregerena Mankomunitatea deseginen litzateke.

Batzar Nagusiak proposamenaren aldeko iritzia eman zuen, aldeko 25 bozekin, kontrako birekin eta abstentzio batekin.

Erran bezala, atzo ez zen deus ere erabaki, iritzia eman zuen Batzar Nagusiak, eta zerbait erabakitzekotan, Baztango Udalak eta Esteribarkoak egin beharko lukete. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun