Saharaztan elkarteak tonbola solidarioa eginen du Elizondoko ferietan

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 4a, 13:00

Eneko Iribarren amaiurtarrari egokitu zitzaion 2018an Saharaztanek zozketatutako bizikleta.

Eskualdeko komertzio, zerbitzu eta ostalariei laguntza eskaera egin diete tonbolarako sariak emateko

Saharaztan taldeak tonbola solidarioa eginen du Elizondon, urriaren 28an eta 29an ospatuko diren udazkeneko ferietan. 'Oporrak bakean' programaren barnean etortzen diren haur sahararren bidaiak ordaintzeko erabiliko dute lortutako dirua. Proiektuaren helburua «hemengo familiek udan haur sahararrei harrera egin eta ongizate bat eskaintzea» da.

Horretarako, eskualdeko komertzio, zerbitzu, ostalari eta bertzelako lantegiei laguntza eskaera luzatu diete, tonbolan sartzeko zerbait emateko prest daudenei. Produktuak eskatu dituzte eta ez dute dirurik onartuko. Informazio gehiagorako edo donazioren bat egiteko elkartearekin harremanetan jarri beharko da saharaztan@hotmail.com helbidearen bitartez.

Donazioak elkarteko kideek hartuko dituzte eta aldez aurretik laguntza eskertu nahi izan dute. Gainera, ferietan herrian egonen den postura hurbiltzera eta tonbolan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun