Baztango Udalak emakumeen kontrako indarkeriari buruzko ikastaroak antolatu ditu urriaren 4an eta 6an

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 30a, 14:00

Baztango Udaleko eta Bortzirietako Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuetako langileek, Osasunbideko hainbat langilek eta Bortzirietako eta Baztango Berdintasun Zerbitzuetako langileek jasoko dute prestakuntza

Baztango Berdintasun Zerbitzua emakumeen kontrako indarkeria kasuak artatzeko eta koordinatzeko protokoloa lantzen ari da. Prozesu horretan, «prestakuntza ezinbertzekoa da protokoloak funtziona dezan eta indarkeria matxista bizi eta pairatzen duten emakumeek eta familiek arreta integrala eta kalitatezkoa jaso dezaten».

Hori dela eta, emakumeen kontrako indarkeria detektatzeko eta identifikatzeko gaitasunak hobetzeko lehen prestakuntza antolatu du Baztango Udalak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren finantzazioarekin eta Equalaren aholkularitzarekin. Ikastaroan emakumeen eta haurren arretan inplikatutako hainbat eragilek hartuko dute parte.

Urriaren 4an eta 6an Arizkunenean eginen da tailerra, 09:30etik 14:0era. Baztango Udaleko eta Bortzirietako Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuetako langileek, Osasunbideko hainbat langilek eta Bortzirietako eta Baztango Berdintasun Zerbitzuetako langileek jasoko dute prestakuntza. Edukiak hurrengoak izanen dira:

  • Emakumeen kontrako indarkeriaren arloko esku-hartzearen ikuspegia; 14/2015 Foru Legearen aginduak eta arreta integraleko sisteman dituen inplikazioak.
  • Emakumeen kontrako indarkeriaren adierazpenak. Emakumeen genitalen mutilazioa, emakumeen eta nesken salerosketa eta sexu-esplotazioa eta esku hartzeko protokoloak.
  • Indarkeria garaiz detektatzea eta bizirik atera diren biktimak artatzea. Esku-hartze profesionalean emakumeen ahalduntzearen ikuspegia txertatzeko jarraibideak. Baliabideak eta zerbitzuak.

Ikastaroa «prestakuntza-prozesu luze baten hasiera bertzerik ez da. Baztango Emazteki* eta Gizonen* Berdintasunerako II. Planean irakurtzen ahal den bezala, indarkeria matxistaren biktimak artatu eta indarkeria hauek desagerrarazteko lan egitea da Udaleko Berdintasun Zerbitzuaren lan-ardatz nagusietako bat».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun