Behi azienda piriniotarraren lehiaketa-enkante arrakastatsua egin dute asteburuan Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 26a, 15:00

Nafarroatik, Gipuzkoatik eta Bizkaitik etorritako 24 abeltzaintza ustiategik parte hartu dute aurtengo edizioan

Argazkiak: Fernando Anbustegi

Behi azienda piriniotarraren XXXIII. lehiaketa-enkante nazionala ospatu dute asteburuan Elizondon, bi urteko geldialdiaren ondotik. Euria nagusi izan bada ere, jendetza hurbildu da behi aziendak ikustera eta 24 abeltzaintza ustiategik parte hartu dute guzira; hamabortz nafar, sei gipuzkoar eta hiru bizkaitar.

Ortzirale arratsaldean eraman zituzten aziendak Merkatuko zelaira eta larunbatean hasi zen erakusketa. Arratsaldean behien erakustaldi eta kalifikazioa komentatua izan zuten eta igande eguerdian egin zuten sari banaketa eta enkantea. Gainera, Nafarroako aratxea eta Baztango gasna dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Lehiaketak 13 atal izan zituen, behi eta zezenak adinka banaturik, eta bakoitzetik bortz ale onenak jaso zuten joare saria. Irabazleei dagokienez, Jon Bikandik (Iurreta) bortz sari lortu zituen, Maria Nela Vittorinik (Zenotz) hiru, Leire Amondarainek (Orozko) bi eta Josu Ostizek (Olague), Juan Antonio Uztarrozek (Senosiain) eta Dolaetxe Elkarteak (Oñati) sari bana eskuratu zituzten. 

Honez gain, 11 sari berezi izan ziren: azienda buru onenaren saria Leire Amondarainendako izan zen, intseminazio artifizial jatorriko ar onenaren saria Dolaetxe Elkartearendako izan zen eta eme onenaren saria berriz, Juan Antonio Uztarrozendako. Adierazle genetiko onena duen arraren saria Iñaki Alkortak (Azpeitia) lortu zuen eta eme onenaren saria, berriz, Juan Jose Iñarreak (Erratzu). Baztango behi onenaren saria ere Iñarrearendako izan zen, eta zezen onenarena, berriz, Gil Goienetxerendako (Arizkun). Intseminazio artifizialaren erabilera onenaren saria Hermanos Iñiguez ustiategirako izan zen (Zudairi), ugalkortasun onena duen ustiategiaren saria Aritz Gironesek (Jaitz) lortu zuen eta Nafarroako Aratxea jatorri-izen babestutako sariak Manuel Arrarasek (Beruete) eta Juan Ignacio Ayarrak (Jaurrieta) irabazi zituzten.

Azkenik, ugal-behi onenak saritu zituzten. 3-4 urte bitarteko behien saria Maria Nela Vittorinirendako izan zen, 4-6 urte bitartekoa Leire Amondarainendako eta 6-8, 8-12 eta 12 urte baino gehiagoko behien sariak Javier Iraizozendako (Azotz) izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun